Zabalik dago Arkupehotsak egitasmoaren laugarren edizioan izena emateko epea

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 23a, 09:39

Musikari berriei plaza eskaintzeko abiatutako egitasmoa da Arkupehotsak, eta zabalik da laugarren edizioan izena emateko epea Kulturaz.eus webgunean. 

Arkupehotsak egitasmoaren laugarren edizioan izena eman daiteke oraindik. Berez duela bost hilabete ekin zioten laugarren ediziorako izen emateari, baina pandemiaren eraginez tarte honetan izan den geldialdia tarteko, berriz zabaldu dute izena emateko epea. Kulturaz kooperatibak musikari berriei plaza bat eskaintzeko jaiotako ekimena da Arkupehotsak, eta azken urteetan izan duen harrera ikusita aurtengoan laugarren edizioa prestatu dute, "ezohiko garai honetan doinu berriak ezinbestekoak direlakoan".  

Kulturazek talde txikietan jarri du arreta, eta horiek "mimoz" zaintzearen garrantzia mahaigaineratu du: "Galdera ugari eta erantzun argirik gabeko garai honetan kultura sortzea eta gozatzea segurua ez ezik osasungarria ere badelakoan gaude. Sortzaile askok hilabeteak daramatzate eszenatokira igotzeke, are gehiago talde txikien kasuan. Baina txikitik egiten den inurri lana izaten da funtsezkoena. Eszenaren iturririk aberatsena da, anitza, gertukoa eta muinetik sortutakoa delako.  Eta, ez idortzeko, mimoz zaindu beharra dago". Hori dela eta, Sanagustingo arkupea doinu berriz betetzeko prest daude. "Badakigu egoera dela eta lan gehiago ekarriko duela ekimena garatzeak, pazientzia eta indarra beharko ditugula, baina Sanagustingo arkupea soinu berrian plaza izaten jarraitzea nahi genuke", adierazi dute.

Aurreko edizioan bezala, izen-emate epea irekia izango da, eta egitasmoan interesa dutenek izen-emate orria bete beharko dute. Ondoren, Kulturazek eta egitasmoa sustatzen duten beste eragileek aurtengo edizioan parte hartuko duten sortzaileak zein diren aukeratuko dute. Behin kontzertuak itxita, emanaldiak eskaintzen dituen talde bakoitzari zuzeneko abesti bat grabatuko dio Kulturazek. 

Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista

Kultur kooperatibak jakinarazi duenez, "gainontzeko kultur ekimen guztien gisan, kontzertuetan beharrezko babes-neurri guztiak hartuko dira".