Iurgi Garitagoitiari 44 urteko zigorra ezarri diote Inaxio Uriaren hilketan parte hartzeagatik

Anartz Izagirre 2021ko mar. 23a, 09:18

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez, ETAk AHTren aurka egindako kanpaina zela-eta hil zuten Uria. Garitagoitiak kalte-ordainak ere eman beharko dizkie biktimaren senideei. Bestalde, Ugaitz Errazkin absolbitu egin dute, haren aurkako frogarik ez dutela iritzita.

Joan zen otsailaren 22an hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Iurgi Garitagoitiaren eta Ugaitz Errazkinen aurkako epaiketa. 2008ko abenduaren 3an Inaxio Uriaren hilketan parte hartzea egozten zieten bi horiei, eta epaileak ebatzi du epaia. Iurgi Garitagoitiari 44 urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta biktimaren senideei kalte-ordainak eman beharko dizkie hark, aldez aurretik Uriaren hilketagatik kondenatuta zeuden gainontzeko kideekin batera —Manex Castro, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea zigorra betetzen ari dira hilketagatik—. Hain zuzen ere, 160.000 euro ordaindu beharko dizkiote Uriaren alargunari, eta 40.000 eta 80.000 euro artean biktimaren seme-alabei.

Castro 2013an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten; haren abokatuek sententziaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi egin zuen 2014an. Aginagalde eta Larretxea, berriz, 2017an epaitu zituzten, eta haiei ere 44na urteko espetxe zigorra eman zieten.

Bestalde, Garitagoitarekin batera epaitu duten Ugaitz Errazkin aske utzi du epaileak, haren aurkako frograrik ez dutela iritzita. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, Garitagoitia ETAko kidea zen, eta Errazkin kolaboratzailea.

Inaxio Uria, "helburu"

Epaiaren arabera, ETAk AHTrekin lotura zuen enpresari bat hiltzea erabaki zuen, eta Garitagoitiak zein zigorra betetzen ari diren beste hiru kideek Inaxio Uria hiltzea izan zuten helburu. Epaileen esanetan, ETAko bi kide Debara (Gipuzkoa) joan ziren autoz, eta beste ibilgailu baten barruan zegoen herritar batengana jo zuten. Herritar hura mendira eraman zutela dio epaileak, eta maletategian sartu zutela; bitarte horretan, berriz, Joanes Larretxea eta Beñat Aginagalde lapurtutako autoarekin Azpeitira joan zirela dio epaileak, eta Inaxio Uria tiroz hil zutela. Epailearen arabera, Garitagoitiak eta Castrok bahituta zuten pertsona etxola batera eraman zuten, eta han lotuta utzi.

Garitagoitiak, ordea, ukatu egin du hilketan zein lapurretan parte hartu izana. Hain zuzen ere, epaiketaren lehen egunean deklaratu zuten Garitagoitiak zein Errazkinek, eta biek ukatu zuten Uriaren hilketan parte hartu izana. Garitagoitiak esan zuen Larretxea soilik ezagutzen zuela; Errazkinek, berriz, Garitagoitia ez beste hirurak ezagutzen zituela adierazi zuen, baina ETAn 2009an sartu zela gaineratu zuen, eta ez zuela Uriaren hilketan parte hartu. Epailearen arabera, ordea, Garitagoitiak esandakoak "ez datoz bat errealitatearekin", atentatua egiteko erabilitako autoan haren aztarnak topatu baitituzte.