Koronabirusa Azpeitian

Lau egunetan hiru positibo zenbatu dituzte Azpeitian

Dorleta Agiriano 2021ko mar. 22a, 13:23

Ostegunetik atzo bitarteko herriz herriko datuak gaur eman ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Azken egunetako datuen ondoren, intzidentzia tasak ere behera egin du pixka bat herrian eta 151,12koa da orain. Urola Kostan guztira 31 positibo agertu dira, horietatik hemeretzi Zarautzen.

Ostiraleko jaieguna zela eta, ohi baino egun gehiagotako datuak pilatu ditu koronabirusaren jarraipenerako Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren astelehenetako txostenak gaur. Horrela, ostegunetik atzo arteko herriz herriko emaitzak jakinarazi ditu gaur. Azpeitian, hiru positibo zenbatu dituzte azken egun horietan: bana ostegunean, ostiralean eta zapatuan, eta batere ez atzo. Azken zazpi egunetan sei positibo batuta, eremu horian jarraitzen du herriak eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa pixka bat jaitsi da joan den asteazkenetik: 157,69koa zen orduan, eta 151,12koa da orain.

Urola Kostako herrietan guztira 31 dira ostegunetik atzo bitartean baieztatu dituzten positiboak. Oraingoan ere Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien, hain zuzen, hemeretzi –seina kasu osteguneko eta ostiraleko probetan, hiru larunbatekoetan eta lau atzokoetan–. Eremu horian badago ere, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 282,69koa da gaur-gaurkoz –herrikako azkeneko datuekin, asteazkenekoekin, 239,86koa zen tasa–. Azkoitian lau positibo zenbatu dituzte azkeneko lau egunetan; kasu bana osteguneko, ostiraleko, larunbateko eta atzoko probetan. Ostegunean argitara ateratako emaitzekin 83,45ekoa zen intzidentzia tasa Azkoitian, baina zenbatekoak gora egin du azken lau egunetan erregistratutako datuekin, eta 100,14koa da une honetan. Horiz margotuta dago Orio ere, hiru kasu baieztatu baitituzte azken lau egunetan –bana osteguneko, larunbateko eta atzoko probetan–, eta 146,77koa baita intzidentzia tasa. Dena den, behera egin du tasak azkeneko emaitzekin: 163,08koa zen aurreko asteazkeneko datuekin, eta 146,77koa da gaur egun.

Zestoan eta Zumaian kasu bana detektatu dute azken lau egunetan, larunbatean egindako probetan biak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ordea, ez da emaitza positiborik izan ostegunetik atzora bitartean.

1.781 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 395 kasu positibo detektatu dituzte atzo egindako probetan; 166 Bizkaian, 104 Gipuzkoan, 66 Nafarroan, 58 Araban eta bat beste lurralde batean bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa gorantz doa Nafarroan eta %5,7koa izan da azken orduetan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %4,2koa izan da atzoko probetan –herenegungoetan %4,6koa izan zen–.

Ostegunetik igandera bitartean, orotara, 1.781 emaitza positibo izan dira Hego Euskal herrian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 pertsona daude Osakidetzaren erietxeetan ospitaleratuta, eta horietatik 90 daude ZIUn. Atzo 31 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota.