San Jose Trikiti Jaialdiaren 31. edizioa, irudietan

Nerea Uranga 2021ko mar. 21a, 15:08

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta, San Jose Trikiti Jaialdiaren 31. edizioa izan zen atzo, Soreasu antzokian. Trikitilari ugarik parte hartu zuten, eta egungo egoera kontuan hartuta, bi emanaldi eskaini zituzten.

 

Gustura gelditu dira Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoak XXXI. San Jose Trikiti Jaialdiaren emaitzarekin. Pandemiak eragindako egoerara moldatuta antolatu dute trikiti jaialdiaren aurtengo edizioa ere, eta horregatik bi emanaldi egin zituzten atzo, larunbata, Soreasu antzokian. Bi saioetan parte hartu zuten trikitilariak honakoak izan ziren: Alaitz Roteta (Zarautz) eta Ainara Saizar (Aia), Irma Carrera (Tolosa) eta Amets Arteaga (Baliarrain), Araitz Etxaniz (Azkoitia) eta Eleia Diez (Hernani), Fa&Go taldea, Lurdes Alkorta (Azpeitia) eta Mailu Sudupe Egurrola (Azkoitia; Azpeitian bizi), Lidia Irigoien (Errezil; Azpeitian bizi) eta Leire Astiasaran (Zizurkil) nahiz Xabi Solana, Kristina Solano eta Txus Aranburu (Hernani).

Aurtengo edizioan Trikitixa Elkarteak gogora ekarri du orain dela 50 urte Mailu Sudupe Egurrolak Euskal Herriko Trikiti Txapelketan parte hartu izana. Jaialdian aipatu zuten, gainera, txapelketa nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zela.

"Lantalde gisa oso gustura gelditu gara aurtengo trikiti jaialdiarekin. Izan ere, kontuan izan behar da horrelako jaialdiak antolatzeko oraindik egoera ez dela hain erraza", azaldu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. San Jose Trikiti Jaialdia antolatzen eta aurrera eramaten laguntzeagatik eskertu egin ditu Azpeitiko Udala, Kulturaz Kooperatiba, Dinamoa eta Trikigiro kultur elkartea.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria.