Hiru autore eta bi ahots

Ihintza Elustondo 2021ko mar. 22a, 09:00
Ainhoa Alberdi eta Erika Olaizola, irakurraldi antzeztuaren une batean. (Utzitakoa)

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia lana estreinatu du Erika Olaizolak Loraldia jaialdian. Fernando Pessoa, Joseba Sarrionandia eta Mikel Antzaren uztarketatik jaio da testua, eta aktore azpeitiarra eta Ainhoa Alberdi arduratu dira irakurketa dramatizatzeaz.

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia lana estreinatu zuen larunbatean Erika Olaizola aktore azpeitiarrak, Ainhoa Alberdi aktore zarauztarrarekin batera. Loraldiaren barruan erakutsi zuten lehenengoz jendaurrean irakurraldi antzeztua, Bilboko Azkuna zentroan. Bi pase egin zituzten, eta Olaizolaren arabera, "oso gustura" daude emanaldien ostean. "Estreinatzeko gogoa genuen; izan ere, berez iazko Loraldian aurkeztu behar genuen proiektua. Egun bizi dugun ziurgabetasun egoera tarteko, urtebete geroago aurkeztu dugu azkenean, eta ederra izan da hainbeste denboraren ostean asmoak errealitate bilakatzea".

Loraldia jaialdiaren antolatzaileek enkargu bat egin zioten Mikel Antzari, eta hortik jaio da proiektua. Fernando Pessoaren eta Joseba Sarrionandiaren arteko elkarrizketa literario bat irudika zezala eskatu zioten idazleari, baina hark azkenean moldatu egin du hasierako asmoa; hain zuzen ere, elkarrizketaren ordez, irakurraldi antzeztua ondu du sortzaileak. Pessoaren eta Sarrionandiaren arteko harremanari buruz idazlan bat egin zuen, eta konturatu zen horrek bazuela zerikusia bere biografiarekin. Hala, Sarrionandiak itzulitako Pessoaren Marinela antzezlana hartu du oinarri Antzak, eta hortik abiatuta uztartu ditu irakurraldia osatzeko beharrezko elementuak.

Horrenbestez, hiru autoreren uztarketatik jaio da Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia: Pessoaren antzerki obra bat du oinarri, Sarrionandiak haren literaturari eginiko interpretazioak ere jasotzen ditu, eta Antzak aurreko biak biribiltzeko erantsi dituen eguneroko eta Euskal Herriko pasarte zenbait ere bai. Olaizolak azaldu duenez, batura horretan gauza asko elkartzen dira: "Pessoa, Sarrionandia, baten bizipenak, bestearen obra, antzerkia... Antzak hori guztia elkartu du drama estatiko batean. Marinela liburua ere hala da, ekintzarik ez dagoen teatro bat".

Ahots ezberdinak

Idatzi horri ahotsa jartzearen ardura izan dute Olaizola eta Alberdi aktoreek, eta bide horretan, Idoia Beratarbide izan dute gidari. Olaizolaren arabera, atal ezberdinak ditu irakurraldi antzeztuak: "Atal batean, Marinela obra da ardatz. Idazlan horretan, lau dontzeila daude, hiru bizirik eta bat hilda. Dontzeila horiek bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzen ari dira, eta horien azalean jartzen gara gu. Beste atala, berriz, narratiboagoa, informatiboagoa da. Zati horretan, publikoari zuzentzen gara, eta datuak, informazioa... ematen dizkiogu. Ametsaren eta errealitatearen arteko gurutzaketa bat gauzatzen da une oro irakurraldian; gauza asko elkartzen dira". 

Azpeitiarraren azken proiektua ez da ohiko antzezlan bat, eta hark azaldu duenez, halako irakurraldi bat gorpuzten duen lehen aldia da. Dena den, "esperientzia oso ona" izan dela azaldu du. "Idoia Beraterbide izan da kanpo begirada, eta nahiz eta hasieratik planteatu zen irakurraldi formatuan gorpuztuko genuela, gure lana izan da nolabait modua bilatzea. Ez genuen nahi testua atril batean jarri eta irakurtzea, eta prozesu txiki bat egin genuen, irakurketa dramatizatu hori modu egokian gauzatzeko". 

Azpeitiarrak dio "lantalde mundiala" izan duela prozesuan, eta "oso eroso" sentitu dela. "Gainera, orain Panpina antzezlanarekin nabil, eta neu naiz obra horretako aktore bakarra. Hori horrela, ederra izan da emanaldi aurreko momentuak norbaitekin partekatzea", azaldu du. Oraingoz, irakurraldiaren bi pase egin dituzte, baina ez dute proiektua itxitzat eman. "Aukerak etortzen baldin badira, gustu handiz jarraituko dugu jendaurrean erakusten. Ateak zabalik ditugu".