Haurrek pantailekin duten harremanean sakontzeko saioak egin dituzte gurasoekin

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 20a, 09:01

Iazko udaberrian konfinamenduagatik bertan behera utzi behar izan zituzten hiru hitzaldi izan dira, Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendutakoak.

Haurrek, nerabeek eta gazteek ordenagailuak, tabletak zein mugikorrak gero eta gehiago erabiltzen dituztela-eta "guraso askok dituzten kezkak eta zalantzak argitzeko" asmoarekin, gazteenek pantailekin duten harremanaren gaineko hainbat saio antolatu zituzten herriko ikastetxeek eta Azpeitiko Udalak joan den udaberrirako. Koronabirusak eragindako konfinamenduarekin, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten egitasmo hura. Urtebetera, berriro heldu diote asmoari, eta azken asteetan egin ahal izan dituzte saio horiek, Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta, hain zuzen.

"Osasun protokoloak betetzeko, saioak ikastetxeka eskaini dira; hiru saio ezberdin guztira", azaldu du udalak. Teknologia berriak: dibertsioa ala babesleku? (Luis Legorburu psikologoaren eskutik), Orain inoiz baino gehiago, gure seme alaba pantaila aurrean bizi al da? (Hazkunde osasun mentalaren arretarako zentroko kideen eskutik) eta Nire seme-alabak pornoa ikusten al du? Nola hitz egin gaiaren inguruan? Zein jarrera hartu? Zein baliabide eta estrategia erabili ditzaket? (Arremanitz elkartearen eskutik) izan dira saio horiek.

"Azken urteotan handitzen ari den kezka, azken hilabeteotan biderkatu egin dela nabaritu dugu, itxialdiarekin. Horregatik, gurasoei pantailen eta teknologia berrien inguruko saioen bidez formazioa eta egoerei aurre egiteko baliabideak eskaintzea izan da helburua”, adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak. Goenaga "gustura" dago saioek izan duten harrerarekin, eta "guraso asko animatu" direla nabarmendu du. Aurrera begira "gaia lantzen jarraitzeko konpromisoa" ere agertu du zinegotziak.