Hasi dira Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzen

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 19a, 10:58
Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzen hasi dira. (Azpeitiko Udala)

Altuna y Uria enpresak eraikiko ditu Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko 67 etxebizitza babestuak. Eraikuntza enpresak 18 hilabete izango ditu etxebizitzak eraikitzeko. Udalak jakinarazi duenez, obra horien aurrekontua 5.961.047 eurokoa izango da, eta 2022. urtearen amaierarako bukatuta izatea aurreikusten dute. 

Dagoeneko hasi dira Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzen. Lehiaketa publikoa eginda, Azpeitiko Udalak Altuna y Uria enpresari esleitu dio 67 babestutako etxebizitza egiteko obra, eta enpresak 18 hilabete izango ditu etxebizitzak eraikitzeko. Obra horien aurrekontua 5.961.047 eurokoa izango dela aurreikusten du erakundeak.

Udalak ekainaren 18an egin zuen 67 etxebizitza horien zozketa, Soreasu antzokian. Egun horretan 39 babes ofizialeko etxebizitza eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasaturen esleipena egin zuen erakundeak. Etxe guztien salerosketa kontratuak sinatu eta lehiaketa publikoa egin ostean, aste honetan hasi dira etxebizitzak eraikitzen. Udalaren aurreikuspenen arabera, 2022. urtearen bukaerarako amaituta izango dira bigarren faseko etxebizitzak.

Josu Labaka Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “bigarren faseko etxebizitza horien exekuzioa abian jarrita, pauso garrantzitsua" eman du udalak: "Etxebizitza publikoen eskaintzan pauso garrantzitsuak ematen ari da Udala, eta zentzu horretan garrantzia berezia du Esklabak-Iturzulo eremuak”. Lehen faseko etxebizitzak "aurreikusitako epeen barruan" eraikitzen ari direla ere esan du Labakak. 

Esklabetako alokairu sozialekoak, esleitzeko zain

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa publikoa martxan da urritik, eta udalak horiek "epe motzean" esleitzea espero du. Erakundeak azaldu duenez, obren lizitazioa Eusko Jaurlaritza ari da egiten eta 6.472.859,76 euroko hasierako aurrekontua dute. Udalak jakinarazi du guztira hamalau proposamen aurkeztu direla lehiaketara, eta esleipen prozesua aurrera doala. Lizitatzaileak 48 apartamentu eraiki beharko ditu, gehienez ere 30 hilabeteko epean.