'Tess eta ni' eta 'Las niñas' filmak emango dituzte datozen egunetan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 31a, 09:00

Tess eta ni lana igandean emango dute 16:30ean hasita. Lau Goya sari jaso berri dituen Las niñas filma, berriz, igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da, 19:00etan.

Tess eta ni eta Las niñas filmak emango dituzte igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igandean, 16:30ean emango dute Tess eta ni lana, eta 19:00etan, berriz, Las niñas. Astelehenean Las niñas filmaren beste emanaldi bat eskainiko dute, 19:00etan hasita. Kulturaz.eus webgunean eros daitezke saioetarako sarrerak. Joan den asteburuan izan duen harrera ona ikusita, bihar, osteguna, Dardara dokumentala emango dute berriro, Soreasun; 19:00etan hasiko da emanaldia.

Tess eta ni filma 2019an Herbehereetan ekoiztutako eta Steven Wouterlood-ek zuzendutako komedia eta drama generoko lana da. Honako hau da filmaren sinopsia: "Anna Woltzen izenburu bereko eleberrian oinarrituta dago Tess eta ni filma. Adiskidetasunaren eta familiaren balioa erakusten du lanak, Samen eta Tessen istorioaren bidez. Sam 11 urteko mutiko bat da, eta Herbehereetako uharte batera joaten da uda pasatzera. Bere asmoa denbora bakarrik pasatzen ikastea da, baina bidaian Tess izeneko neskato bat ezagutuko du, energiaz beteta dagoena eta abenturak bizitzera bultzatuko duena. Tessek Samen jakin-mina piztuko duen sekretu bat ezkutatzen du". 

Las Niñas, berriz, Pilar Palomerok 2020an Espainian zuzendutako drama generoko lana da. Lau Goya sari jaso berri ditu: zuzendari nobelarena, gidoi original onenarena, argazki zuzendaritza onenarena eta film onenarena. Honako hau da filmaren sinopsia: "1992. urtea. Celia, 11 urteko neskatoa, amarekin bizi da, eta Zaragozako moja eskola batean ikasten du. Bartzelonatik etorri berria den Brisak bere bizitzako etapa berri baterantz bultzatzen du: nerabezaroa. Bidaia horretan, 1992ko Expoaren eta Olinpiaden Espainian, Celiak bizitza egia eta gezur batzuekin eginda dagoela jakingo du".