Arantxa Tapiak "700 lanpostu arriskuan" jartzea egotzi dio Azpeitiko Udalari

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 18a, 16:59
Corrugados Azpeitiako irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren ustetan, 2013an onartutako Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak ez du debekatzen Corrugados Amuen irekitzea. "Plan orokorrak baimentzen du; ez da hirigintza arazorik, baina arazo politiko bat dago".

Amueko eremuan Corrugados berrabiaraztea ezinezkoa dela ondorioztatzeko Azpeitiko Udalak emandako argudioak gezurtatu egin ditu gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Haren hitzetan, 2013an onartutako Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak ez du debekatzen Corrugados Amuen irekitzea. "Plan orokorrak baimentzen du; ez da hirigintza arazorik, baina arazo politiko bat dago", adierazi du gaur eguerdian, Gasteizen egindako adierazpen publiko batean. Tapiaren esanetan, "ulertezina da, baina halaxe da". Haserre azaldu da sailburua, uste baitu Azpeitiko Udalaren jarrerak "700 lanpostu arriskuan" jartzen dituela.

Horrez gain, Azpeitian Corrugadosen irekieraren inguruan herri galdeketa egiteaz ere mintzatu da Tapia. Zenbait hedabidek gaur zabaldu duten informazioaren ondotik hitz egin du horri buruz. Atzoko batzar irekian Josu Labaka zinegotziak argi eta garbi adierazi zuen udala ez dela aukera hori aztertzen ari, besteak beste, udalak gaur-gaurkoz ez daukalako Corrugados berrabiarazteko proiektu erreal bat eskuartean eta, ondorioz, udalak ez duelako herritarrei zeri buruz galdeturik. Tapiak horren inguruan esan du, udalak hala baderitzo "zilegi" izango litzatekeela Azpeitian herri galdeketa egitea, baina udala hori aztertzen ari bada lantegia berrabiarazteko aukera juridikoak badaudelako izango dela. 

Tapiak esan du auziari aterabidea lehenbailehen eman beharra dagoela, Cristian Lay enpresako anduradunak hilabetean baino gehiagoan daudelako erantzun baten zain. "Jarduera martxan jarri nahi duen pertsona ezin dugu zain eduki eta aukera orain aprobetxatu beharra dago". Tapiak zehaztu du Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duela Corrugados Amue eremuan berrabiarazteko proiektuak.