Azpeitiko Udal Gobernuak batzar irekia egin du Corrugados auziaz duen ikuspuntua herritarrekin elkarbanatzeko

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 18a, 14:05

Azpeitiko Udalak batzar irekia egin zuen atzo arratsaldean, Corrugadosen balizko irekitzearen inguruan azken asteetan zabaldu diren informazioak argitzeko asmoz. Berrehun inguru herritar berataratu zen Soreasu antzokira, gaiaren inguruko azalpenak entzutera eta zalantzak argitzera.  Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka Hirigintza zinegotzia aritu ziren hizlari, eta zehatz eta argi hitz egin zuten Udal Gobernuaren asmoez, helburuez eta auziaren xehetasunez. 

Batzarrak bi zati izan zituen. Aurrenekoan, Nagore Alkorta alkateak Udal Gobernuaren jarrera zein den azaldu zuen, auziaren inguruko testuinguraketa eta azalpen teknikoak ematearekin batera. Bigarren zatian, aldiz, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten.

Joan zen astean egindako agerraldian azaldu zuen bezala, Alkortak azpimarratu zuen udalak "Balizko proiektu" baten inguruan lan egiteko prestutasuna duela, baina garbi utzita proiektu horrek "berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak" bete beharko dituela. Horrela ez izatekotan, proiektuak Azpeitiarentzako eta azpeitiarrentzako ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela eta. Horri lotuta, Alkortak gogoratu zuen udalarentzat aukera erreal eta egingarri bakarra Corrugados irekitzekotan, herriguneko labea Trukutxo eremura eramatea dela. Hori justifikatzeko, Amue eremuan edo herrigunean egon daitezkeen arazoez aritu zen Alkorta. Amueko aukera baztertuta, Trukutxo eremuari buruzko azalpenak emateari ekin zion alkateak, udalaren hitzetan, "eremu hori delako jarduera industrial bat martxan jartzeko prestatuta dagoena, Urola Kostako Plan Partzialak eta Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak hala jasotzen dutelako". Horrez gain, Cristian Lay enpresaren ordezkariekin izandako harremanak izan zituen hizpide alkortak. Era berean,  elkarlanaz eta erakundeen arteko errespetuaz ere jardun zuen Azpeitiko alkateak. Azpeitiarren interesen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Alkorta, baita Corrugados abiarazteko lanean jarraitzekoa ere, eta halaxe egiteko eskatu zien gainerako udal ordekari guztiei ere, "alderdikeriak albo batera utzita.

Ordubete inguruz aritu ziren Labaka eta Alkorta azalpenak ematen, eta haien txandaren ostean herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten. Hitza hartu zuten gehienek Corrugados irekitzearen inguruko kezka agertu zuten atzokoan. Herritarrei hitza emateaz ere galdetu zieten udal ordezkariei Soreasun elkartutakoek, baina haiek argi erantzun zuten gaur gaurkoz ez dagoela herri galdeketa egiteko aukerarik, proiektu posiblerik ez dagoen bitartean zer galdetu ere ez dagoelako.