Jakinmina sortu zuen Corrugadosen inguruko batzar irekiak

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 18a, 12:50

Corrugadosen balizko irekitzearen inguruan azken asteetan zabaldu diren informazioak argitze aldera, udalak deituta batzar irekia egin zuten atzo arratsaldean Soreasun, eta dozenaka izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Nagore Alkorta alkateak eman zituen azalpenak, eta ondoren, herritarrek aukera izan zuten iritziak eta zalantzak plazaratzeko.

Corrugadosen auziaren inguruan udalak deituta batzar irekia egin zuten atzo arratsaldean Soreasun, eta dozenaka herritar bertaratu ziren udalaren azalpenak entzutera eta zituzten zalantzak argitzera. Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka udaleko zinegotzi eta Hirigintza batzordeburua igo ziren taula gainera, eta Labaka izen zen hitza hartzen aurrena. Argi utzi nahi izan zuen han ez zeudela euren gogoz. "Ez genukeen hemen egon nahi, ezta gai honen inguruan publikoki aritu ere", besteak beste, "Corrugados irekitzeko aukera txikienik balego, mesederik ez diolako egiten gaia publikoki astintzeak; baina hala erabaki dute, hala egin dute, Azpeitia zurrunbilo mediatiko baten erdian kokatu dute, eta Corrugadosen gaia bolo-bolo dabil medioetan eta bazter guztietan". Egoera hori izanda, azalpenak ematera "behartuta" sentitu direla adierazi zuen zinegotziak, "uste dugulako azpeitiarrok eskubidea daukazuela jakiteko herriarentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan, eta guk, udal ordezkari garen heinean, betebeharra daukagula herritarren aurrean garden eta argi jokatzeko". Hori esanda, gauzak gaur-gaurkoz nola dauden ahalik eta modu "objektiboenean eta zehatzenean" azaltzen saiatzeko konpromisoa adierazi zuen udal ordezkariak. 

Egoera, gaur-gaurkoz

Batzarrak bi zati izan zituen. Lehendabizikoan, Alkorta aritu zen hizlari; eta bigarrengoan, iritziak plazaratzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten herritarrek. Alkortak Udal Gobernuaren jarrera zein den azalduz hasi zuen hizketaldia. Lanpostuak sortzeko edozein aukeraren aurrean udalak "interes handia" daukala berretsi zuen, ezin duela bestela izan, eta halaxe adierazi dietela prozesu honetan parte hartzen ari diren eragile guztiei. Aukera posible guztiak aztertzeko prest daudela esan zuen, baina aukera guztiez hitz egiten dutenean, "aukera legal guztiez" ari direla. "Matiz hori egitea ez litzateke beharrezkoa berez, baina uste dut gai honetan egin beharrekoa dela".

"Balizko proiektu" baten inguruan lan egiteko prestutasuna erakutsi zuen Alkortak, baina garbi utzita proiektu horrek "berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak" bete beharko dituela. "Nahitaez horrela izan behar du, bestela, Azpeitiarentzako eta azpeitiarrentzako ondorio kaltegarriak ekar ditzakeelako". Elkarlanaz eta erakundeen arteko errespetuaz ere jardun zuen. Corrugadosen garatuko luketena "jarduera sailkatu edo klasifikatu" bat izanik, hainbat erakunderen baimenak beharko lituzketela azaldu zuen; beraz, proiektua martxan jartzeko ezinbestekoa izango litzatekeela erakunde horiek ildo berean jardutea. Bi aipatu zituen: batetik, Eusko Jaurlaritzak duelako Ingurumen baimena emateko ahalmena; eta bestetik, Azpeitiko Udalari dagokiolako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren gaineko eskuduntza. "Eta Azpeitiko herriak horren inguruko erabakia hartu zuen 2013ko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra onartu zuenean". Eragileen arteko errespetua ere eskatu zuen, nola gaia tratatzeko garaian, hala erakundeek hartutako erabakiak errespetatzerakoan.

Gaia kokatze aldera, udalak Corrugadosen jabe den Cristian Lay enpresarekin eta gainontzeko erakunde eta eragileekin orain arte izan dituen hartu-emanak xehatu zituen jarraian, 2020ko azarotik hasita. Alkortaren esanetan, udal ordezkariak enpresaren arduradunekin bildu ziren orduan, eta bilera haren ostean ohar bateratu bat kaleratu zuten herritarrei jakinarazteko "lantegi hori ez zela berriz martxan jarriko, irekitzea ez zelako ekonomikoki bideragarria, eta erabaki genuelako eremu horren garapen urbanistikoa aztertzen hastea". Erabakiak ziurra ematen zuelako eta herritarrentzat interesa zuelako erabaki zuten oharra kaleratzea.

Handik gutxira, baina, abendu bukaera edo urtarril hasiera aldera, zurrumurru batzuk iritsi zitzaizkiela azaldu zuen alkateak, eta bilera informal bat ere izan zuela Corrugados martxan jartzeko aukeraren inguruan. Otsailaren 18an Labaka eta Alkorta berriro bildu ziren enpresaren arduradunekin, eta orduan baieztatu zieten zurrumurruek ziotena: Azpeitiko lantegia berriz martxan jartzeko asmoa zuela enpresak. "Bilera horretan enpresako ordezkariei adierazi genien lanpostuak sortzeko interes handia genuela, aukera guztiak aztertzeko prest geundela, eta azaldu genien Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak zer dioen eremu horien inguruan. Horrez gain, astebeteko epea eskatu genien Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariekin biltzeko, gaiaren inguruan lehen azterketa bat egiteko". Lehen bilera hori, ordea, ia hilabete beranduago egin zuten, martxoaren 11n hain zuzen. Azpeitiko Udaleko, Jaurlaritzako, aldundiko eta Cristian Lay enpresako ordezkariek parte hartu zuten bilera horretan. Udalak batzar hartan aurkeztu zuen beretzat aukera "erreal" bakarra dena: Corrugados irekitzekotan, Trukutxo eremuan zabaltzea. 


 
Horiek esanda, egungo egoera zein den azaltzeari ekin zion Alkortak. "Azken asteetan asko hitz egin da gaiaz eta komunikabideek esan digute ez dagoela arazorik lantegia martxan jartzeko, ingurumen arazoa ere konponduta dagoela, guk oraindik proiektua osorik mahai gainean ez daukagunean". Ziurtatu zuen oraindik ez daukatela ez enpresaren bideragarritasun planik, ez negozio planik, enpresak ez duela aurkeztu proiektu teknikorik, ez jarduera martxan jartzeko eskaera ofizialik, ezta ingurumen inpaktuaren aurre azterketarik ere. Puntu horretan zehaztu zuen atzo eguerdian bertan udalera Cristian Lay enpresaren idatzi bat iritsi zela, baina batzarraren aurretik ez zutela izan idatzi hori osorik irakurtzeko astirik. 

Segidan, Corrugadosen garatuko luketen jarduera zein den kontuan izanda, Azpeitiko lantegia martxan jartzeko enpresak jarraitu beharko lukeen prozedura azaldu zuen alkateak. "Jarduera sailkatu edo kasifikatu batez hitz egiten ari gara. Zer esan nahi du horrek? Inguruko herritarren osasunerako arriskutsua izan daitekeen jarduera bat dela, eta hori baimentzeko, prozedura luze bat jarraitu beharra dago". Batetik, Ingurumen Baimen Bateratua deritzona beharko luke. "Prozesu oso luzea eskatzen du eta baimen hori emateko eskumena Eusko Jaurlaritzak du; zehazki, Ingurumen sailburuordeak”. Horrez gain, hirigintza antolamendua errespetatzea ezinbestekoa litzatekeela esan zuen, eta zentzu horretan, eta kasu honetan, bi plan daudela onartuta: batetik, 2009an onartutako Urola Kostako Lurralde Antolamendurako Plan Partziala; eta bestetik, 2013an onartutako Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra. "2009ko plan hori espresuki egin zen Amue eremuko jarduera industrial hori Trukutxora lekualdatzeko, Espainiako eta Europako zuzentarauek eskatzen dutelako jarduera industrialak eta bereziki klasifikatuak direnak herrigunetik ateratzea". 

Ondoren, Corrugadosek Amue eta Trukutxo eremuetan dituen azpiegituren inguruko hainbat azalpen eman zituen Alkortak. "Herriguneko zatiak, Amuekoak, egun ez du jarduerarik, lantegia itxita dago eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda dago 2013. urtetik, eta gaur egun udalak eremu horren gainean emanda duen baimen bakarra instalazioak desmantelatzekoa da, azpiegiturak zaharkituta daudelako". Herriguneko labeak martxan jartzeko aukeraren inguruan ere mintzatu zen alkatea, eta 2008ko apirilean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak emandako Ingurumen Baimen Bateratua aipatu zuen. "Baimen hori indarrean egoteko, sei hilabeteko epean zenbait betekizun betetzeko eskatzen zion enpresari, bestela baimena iraungita geldituko zela. Baimena eman izan baliote ere, zortzi urteko indarraldia izango zukeen. Momentuz, udalean ez dugu ingurumen baimen hori indarrean egon zela dioen ebazpenik". Eta ingurumen baimenarekin zerikusia duen beste puntu garrantzitsu bat aipatu zuen: Amue eremu inundagarria dela. "Eremu horretan zenbait udal proiektu martxan jartzen saiatu izan gara, eta ezetz esan izan digute, eremu hori fluxu iraunkorreko eremu inundagarria delako". Gaineratu zuen azken urteetan asko zorroztu dela ingurumenari lotutako araudia, eta enpresak arau berri guztiak errespetatu beharko lituzkeela. Horrez gain, Amueko eremuari eragiten dioten Hirigintza Plan Orokorrak eta Lurralde Antolamendurako Plan Partzialak Amueko eremuaz dioena ekarri zuen gogora: etxebizitzak eta ekipamenduak eraikitzeko eremua dela. "Beraz, Amue eremuan jarduera hori martxan jartzea ez da bateragarria plan orokorrean eta plan territorialean jasotakoarekin. Nahita ere, udalak ezingo luke baimenik eman".

Amueko aukera baztertuta, Trukutxo eremuari buruzko azalpenak emateari ekin zion Alkortak, "eremu hori delako gure herrian jarduera industrial bat martxan jartzeko prestatuta dagoena, Urola Kostako Plan Partzialak eta Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak hala jasotzen dutelako, udal ordezkari guztien babesarekin". Trukutxoko eraikina eginda dagela azaldu zuen, bere garaian baimenik gabe egin zela ere bai, baina, hala eta guztiz ere, enpresarentzat askoz errazagoa izango litzatekeela eremu horretarako ingurumen baimena eskuratzea.

Hori guztia esanda, azpeitiarren interesen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen alkateak, baita Corrugados abiarazteko lanean jarraitzekoa ere, eta halaxe egiteko eskatu zien gainerako udal ordekari guztiei ere, "alderdikeriak albo batera utzita". "Neu ere EH Bilduren egiturako jendearekin hitz egiten aritu naiz, eta eskatu diet gai hau herrian eta herritarron arten konpontzen lagatzeko". Beste behin nabarmendu zuen, udalarentzat, herriaren sustapen ekonomikoa dela helburu nagusia. 

Herritarren galderak

Alkortak esan beharrekoak esanda, herritarrek hartu zuten hitza. Horietako batek hainbat zehaztapen egin zituen alkateak emandako informazioaren inguruan. Batetik, adierazi zuen Corrugadosen arazoa ez zela ekonomikoki bideragarri edo errentagarri ez izatea, "enbargo batzuekin lotutako auziak" zeudela tartean, eta enpresak orain dela gutxira arte horregatik baztertu izan duela Azpeitiko lantegia berriz martxan jartzea. Dagoeneko arazo horiek konponduta daudela esan zuen, eta horregatik ekin diola orain lantegia abiarazteko asmoari. Enpresak esandakoa gogorarazi zuen herritar horrek: Cristian Lay prest dagoela ingurumen eta segurtasun araudi guztiak errespetatzeko eta horretarako beharrezko inbertsioak egiteko. Atzo enpresak udalari helarazitako idatziaren berri ere bazuen herritar hark, eta haren inguruan adierazi zuen Cuatrecasas etxeak egindako txosten bat dela, eta plan urbanistikoan egon daitezkeen arazo horiei aurre egitea egongo litzatekeela dioela. Herritar haren esanetan, eta enpresak esandakoaren ildotik, Trukutxoko eremuan lantegia abiarazteko aukera gaur egun ez da egingarria. 

Herritar hari erantzunez, alkateak herenegun Cristian Lay enpresaren jabearen semearekin telefonoz bidez izandako elkarrizketa baten berri eman zuen. Alkortaren esanetan, Lealek Trukutxo eremurako proposamena aztertzera esertzeko konpromisoa helarazi zion, baldin eta Jaurlaritzako eta diputazioko ordezkariak ere mahai horren bueltan eseriko baziren. Handik ordu gutxira, alkateak berak aurrerapen horren berri eman zien udaleko Hirigintza batzordeko EAJren udal ordezkariei, eta horren ostean Lealean beste dei bat jaso zuen, kontrakoa jakinarazteko, alegia, ez zela Trukutxoko aukera aztertzera eseriko adierazteko.

Aukera erreal bakarra hori dela esateko, udala funtzionario publikoek egindako txostenetan oinarritzen dela zehaztu zuen Alkortak, eta txosten horiekiko errespetua eskatu zuen. Alkortak esandakoa berretsi zuen Labakak ere: "Guk esaten dugu, udaleko teknikarien txostenek hala esaten digutelako, gaur herrigunean labeak piztea ez dela bategarria onartuta daukagun plan orokorrarekin, eta udalaren aldetik legez kontrakoa litzatekeela baimen hori ematea, nahita ere ezingo genukeela eman. Aldiz, enpresak kontrakoa uste badu, eskubidea edukiko luke eskaria egiteko, epaitegietara jotzeko eta auzitegietan kontrakoa ebazten bada, udalari ardurak eskatzeko. Guk eskatzen duguna da udalari ez zalantzan jartzeko bereak dituen eskumenak, guk Jaurlaritzari bereak zalantzan jartzen ez dizkiogun bezala".

Beste hainbat herritarrek ere hartu zuten hitza: batzuek udalari eskerrak emateko, batzar irekia antolatu izanagatik; eta besteek adierazteko ez luketela herrigunean Corrugadosen laberik piztuta ikusi nahi. Hitza hartu zuten herritar horietako pare bat kezkatuta agertu ziren Amue eremuko lantegiaren balizko irekieragatik, handik gertu bizi direlako. Beste batek auziaren inguruan herri galdeketa egiteko asmorik ba ote duten galdetu zien udal ordezkariei, eta, momentuz, aukera hori aztertzen ez direla ari erantzun zion Labakak. "Herriari zerbaitegatik galdetzeko, zerbait izan beharko genuke eskuartean, eta ez gaude fase horretan". Dena dela, beharra sortuko balitz, arazorik ez luketela izango adierazi zuen zinegotziak.

Azpeitiko Udalak oso-osorik grabatu zuen atzoko batzar irekia, eta bideoa lotura honetan dago ikusgai.