Joxean Agirreren 'Nobela errealista bat' liburua 111 Akademiaren Saria jasotzeko hautagaien artean da

Julene Frantzesena 2021ko mar. 16a, 15:19
Joxean Agirre. (Artefaktua)

Agirreren lana ez ezik, Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak eta Idoia Garzesen Mendiko gaitza liburuak ere aukeratu dituzte akademiakideek lehen fasean. Lehen fasea igarota, zabalik da bigarren bozketa. Apirilean jakinaraziko dute nork irabazten duen 2020ko 111 Akademia Saria.

111 Akademiaren Sarirako hautagaien artean da Joxean Agirre idazle azpeitiarra, Nobela errealista bat liburuari esker. Akademiakideek bost hautagai aukeratzeko parada izan dute urtarriletik otsailaren 26ra bitartean, eta Agirreren lana ez ezik, Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak eta Idoia Garzes Mendiko gaitza liburuak ere aukeratu dituzte. Hain zuzen ere, 92 akademiakidek eman dute boza lehen fase horretan.

2020. urtean euskal literaturak emandako uztatik bost horiek izan dira irakurleen libururik gogokoenak. Lehen fasea igarota, zabalik da bigarren bozketa. Hain zuzen ere, bost liburu horietako bat aukeratu beharko dute herritarrek martxoaren 26a baino lehen. Bigarren fase horretan, libururen batek botoen %40 gainditzen badu, harentzat izango da saria. Aldiz, kopuru horretara iristen den lanik ez bada, boz gehien jaso dituzten bi idazleak eta haien liburuak pasatuko dira finalera. 111 Akademiak apirilean jakinaraziko du zein den 2020ko 111 Akademia Sariaren irabazlea.