Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo bakarra zenbatu du Osasun Sailak herrian, eta jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 16a, 13:30

Guztira, zortzi kasu berri hauteman ditu Osakidetzak Urola Kostan; horien ia erdiak, Zestoan. Azpeitian kasu bakarra hauteman dute, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 170,83koa da gaur-gaurkoz. Bestalde, Hego Euskal Herrian gora egin dute kasuek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste zortzi positibo detektatu zituzten atzo Urola Kostan. Zortzi kasu horietatik ia erdia, hiru, Zestoan detektatu zituzten. Aurreko bost egunetan ez zuten kasurik zenbatu han, eta bost dira zazpi eguneko epean Zestoan atzemandako kasuak. Azpeitian egorak hobera egiten jarraitzen du, eta azken egunetan beheranzko joera hartu du intzidentzia tasak. Atzo, astelehena, 190,54koa zen; gaur, berriz, 170,83koa. Hala eta guztiz, joan zen asteartetik zertxobait gora egin du tasak —151,12koa zen orduan—. Azpeitiak eremu horian jarraitzen du, eta gaur-gaurkoz urrun ditu eremu laranja zein gorria.

Eskualdeko beste lau herritan ere atzeman zituzten atzo COVID-19arekin lotutako kasuak: Aian, Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian positibo bana zenbatu zuten. Eskualdeko herri guztiak ere eremu gorritik urrun aurkitzen dira une honetan.

Hego Euskal Herrian, gora

Hego Euskal Herrian nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 462 kasuren berri eman zuten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, 9.259 PCR eta antigenoen proba egin zituzten, eta horietatik 394k positibo eman zuten; bezperan 286 kasu positibo izan ziren hiru lurralde hauetan. Hala, positibotasun tasa %4,3koa zen atzo.

Araban 89 positibo izan ziren, 187 Bizkaian eta 116 Gipuzkoan, bezperan baino 60 gehiago. Beste erkidegoetako bi lagunek ere positibo eman zuten. Ospitaleratuei dagokionez, beste 34 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUko unitateetan 98 lagun zeuden atzo ospitaleratuta. 

Nafarroan ere gora egin du positiboen kopuruak, Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuek diotenez. 2.130 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 68 izan ziren positiboak. %3,2ko positibotasun tasa zuten atzo Nafarroan.