Berri Txarraken Ikusi Arte bira oinarri duen 'Dardara' dokumentala emango dute egunotan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 23a, 08:13

Bi emanaldiak 19:00etan izango dira, eta sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean. Berri Txarrak musika taldearen Ikusi Arte bira oinarri duen lana Maria Lameirok zuzendu du.

Berri Txarrak musika taldearen Ikusi Arte bira oinarri duen eta Maria Lameirok zuzendu duen Dardara dokumentala ikusi ahal izango da igandean eta astelehenean Soreasu antzokian (19:00). Bi emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturaz.eus webgunean. Joan zen astelehenean estreinatu zuten lana Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, Iruñean.

2019ko azaroan igo zen agertoki batera azken aldiz Berri Txarrak taldea; hain zuzen ere, Iruñeko Nafarroa Arenan bi egunetan kontzertu bana eskaini zuen, eta 11.000 entzuleren bueltan izan ziren han. Kontzertu haiekin hasi zen agurreko Ikusi Arte bira, eta zehazki, bira horretako irudiak jaso ditu Lameirok dokumentalean. Gainera, Gorka Urbizu abeslariaren hitzek eta gogoetek ere badute tartea.

Honako hau da ikus-entzunezkoaren sinopsia: "Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko konpositore, gitarra-jotzaile eta abeslariaren letren eta gogoeten bidez mende laurdenean aurrera doan ibai dokumentala da, eta orain idazteko dagoen etorkizun baten zorabioari aurre egin behar dio".