Corrugados: non, zer eta nola

Julene Frantzesena 2021ko mar. 17a, 09:56
(Argazkiak: Urtzi Oteiza eta Maialen Etxaniz)

Corrugados Azpeitiaren etorkizunak eta balizko irekierak zeresana piztu dute. Sasoi batean Marcial Ucin izena zuen lantegia esku bat baino gehigotatik igaro da azken hogei urteetan, eta lan gatazkak ere ez dira oharkabean pasatu. 2013an itxi zuen lantegia Alfonso Gallardo taldeak, eta orain berriz zabaltzeko asmoa agertu du Cristian Lay taldeak. Zer pasatu da, ordea, azken 22 urteetan Corrugados Azpeitian?

Marcial Ucin izena zuen Azpeitiko lantegia Arcelorrek erosi zuen 1999an, eta handik sei urtera, 2005ean, Alfonso Gallardo Taldeak Arcelorri erosi zizkion Azpeitiko, Lasaoko eta Getafeko (Espainia) lantegiak. Jabe berria izanagatik, ekoizpen aldetik garai oso onak bizi izan zituen enpresak hainbat urtetan, baina eraikuntza sektoreko krisiarekin, 2010ean hasi zen gainbehera. Izan ere, handik urtebetera Brasilgo CNS enpresari Azpeitiko lantegia saltzen saiatu zen Gallardo, nahiz eta bertan behera gelditu zen salerosketa.

Hori horrela izanik, lantegirako bideragarritasun plan bat aurkeztu zuen enpresaburuak: 400 langiletik 140 kaleratzea aurreikusten zuen, 2011ko azaroan aurkeztu zuen Lana Erregulatzeko Txostenean jaso zuenez. Eusko Jaurlaritzaren eta Gallardoren arteko akordio bat tarteko, kaleratze gutxiago gauzatu zituen: 2012ko urtarrilean kaleratu zituen ehun behargin. Akordioa ez zuen bete, ordea, enpresak; ekainean, beste 60 langile kaleratu eta soldatak %35 murriztu beharra argudiatu zuen. Horren aurrean, Enpresa Batzordea mobilizatzen hasi zen. Hain zuzen ere, ekainaren 15etik 22ra astebeteko greba egin zuten beharginek, eta egoera ez zenez aldatu, greba mugagabeari ekin zioten segidan –itxialdia ere egin zuten laminazio lantegian–.

Sei hilabeteko grebaren ostean, 2013ko urtarrilaren 4an, negoziazioekin hasteko greba utzi zuten langileek. Urtarrilaren bukaeran martxan jarri zuten Corrugados Azpeitia, baina langileekin ez zuen akordiorik erdietsi Gallardo Taldeak. Hilabete gorabeheratsua igarota, martxoan Corrugados itxi egingo zuela jakinarazi zien Gallardok Enpresa Batzordeko kideei. Apirilean Corrugados Azpeitiako 300 langile eta Lasaoko 38 kaleratzeko txostena aurkeztu zuen Gallardok, eta abuztuaren 5ean gauzatu zituen azken kaleratzeak eta itxi zuen Azpeitiko lantegia.

Geroztik izan dira enpresa martxan jartzeko aukeren gaineko zurrumurruak. Hain zuzen ere, 2017ko martxoan, Gallardo Taldea Corrugados Azpeitia berriz martxan jartzea aztertzen ari zela jakinarazi zuen Efe berri agentziak. 2018ko abuztuan, baina, Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak erosi zuen Gallardo Balboa taldea, eta handik urtebetera, iazko uztailean, Cristian Lay taldearen eskuetara pasatu zen Gallardo Balboa taldea.

Zertan da balizko irekiera?

Corrugados Azpeitiaren balizko irekiera hautsak harrotzen ari da. Izan ere, gaiari lotuta erakundeen arteko gorabeherak nabaritzen hasi dira azken egunetan. Azpeitiko Udal Gobernuak proposatu du herriguneko labea Trukutxo eremura eramatea, baina Nagore Alkorta alkateak joan zen ostiralean emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, Cristian Lay taldeak ez zuen aukera hori lehenetsi. Hain zuzen ere, Layk herriguneko eremuan nahi du labea martxan jartzea. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko EAJk ez dute ontzat eman Udal Gobernuaren proposamena.

Martxoaren 7an ohar bat bidali zuen hedabideetara EAJren udal taldeak, alkateari "kemena" eta Corrugados Azpeitiaren jarduera "arriskuan ez jartzeko" eskatuz. Hurrengo egunean, instituzioen arteko errespetua eskatu zuen Azpeitiko alkate Nagore Alkortak, bezperako "albisteak, oharrak eta filtrazioak harriduraz" hartu zituela esanda. Hilaren 11n, berriz, Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraz hitz egiteko bilera egin zuten enpresaren jabeak nahiz udaleko, Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek, eta bileraren ostean, bilkuran "lege baldintza guztiak beteko lituzkeen" proposamena egin zuela azaldu zuen Azpeitiko Udalak.

Hurrengo egunean EITBn hitz egin zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, eta hark esan zuen "pilota udalaren teilatuan" dagoela. Haren arabera, udalak proposatzen duena "beste alternatiba" bat da, baina horrek denboran "urrun joatea" eskatzen du. "Une honetan enpresa ezin da beste leku batera eraman, baina borondate pixka batekin udalak ere bila dezake irtenbidea; enpresak hori eskatzen du". Hark hitzok egin eta ordu gutxira prentsa agerraldia egin zuten Azpeitiko Udal Gobernuko kideek, tartean Nagore Alkorta alkateak, eta haren arabera, Azpeitiko Udalak egindakoa da Corrugados "berme guztiekin" irekitzeko proposamen "erreal" bakarra.

Corrugados Azpeitiaren herriguneko labea da, beraz, eztabaida sortu duena. Eusko Jaurlaritzak esana du enpresaren jarduna berriz martxan jartzeko beharrezkoak diren ingurumen baimenak lortzea posible dela eta Cristian Lay taldeak horretarako beharrezkoa den inbertsioak gauzatzeko prestutasuna agertu duela. Udal Gobernuak, berriz, Hirigintza Plan Orokorra 2013an aldatu zutela eta ordutik herriguneko labeen azpiegitura kokatuta dagoen eremua etxebizitza eta zerbitzuetarako izendatuta dagoela jakinarazi du. Erakunde horren arabera, "ez dira bateragarriak" 2013an EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen Hirigintza Plan Orokorra eta industria jarduera: "Ez daukagu herrigunean industria jarduera abiarazteko baimena ematerik. Legez kanpokoa litzateke, eta ez da zilegi Azpeitiko Udalari legea hauts dezan eskatzea".

Horri lotuta, baina, Plan Orokorra Plan Berezi bat eginda eta enpresarekin adostuta aldatu daitekeela jakinarazi du Arantxa Tapia sailburuak. "Momentuz ez dago ordenazioz kanpo enpresa, eta beraz, enpresa hori berme guztiekin bertan garatu ahal izateko interpretazioa egin daiteke borondate onarekin; enpresa prest dago".

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak ere adierazpenak egin zituen Udal Gobernuaren prentsaurrekoaren ostean, eta hark "oztopoak" ez jartzeko eta "eman beharreko pausoak emateko" deia egin zion udalari. Hurrengo egunean, berriz, Azpeitiko EAJren udal taldeak oharra kaleratu zuen, asteon lege eta ingurumen arloko irtenbideak planteatuko dituela esanez.

Zer dago non?

Cristian Lay taldearenak dira Corrugados Azpeitia eta Lasao. Gaur egun, Lasaokoa da martxan dagoen bakarra, baina Azpeitiko lantegiak hainbat eremu ditu: herriguneko labeak, laminazio lantegia nahiz bulegoak. Gainera, Trukutxo eremuan ere azpiegitura eraikita dago, nahiz eta sekula ez den han industria jarduerarik gauzatu.

Corrugadosen herriguneko labea

Herrigunean dago kokatuta, Amue eremuan –Amuko zubiaren ondoan, zezen plazaren parean, Zelai Luze ondoan eta Juan XXIII. auzunearen alboan–. Zortzi hektarea inguruko eremua da, eta galdategi edo labeak kokatzen dira bertan. Eremu hau da erakundeen arteko eztabaida sortu duena.

Trukutxo eremua

Trukutxo eremuak 28 bat hektarea ditu, eta Azpeitia eta Lasao artean dago, Anardi-Badiolegi eremuan. Gallardo Taldea 2006an hasi zen eremu horretan lurrak erosten, eta hainbat azpiegitura egin zuen han, labeak eta txatarra parkea hara lekualdatzeko asmoz. Horretarako bi pauso eman zituzten erakundeek: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautz-Azpeitia eremuko Lurralde Plan Partziala aldatu zuten 2009an; Azpeitiko Udalak, berriz, Hirigintza Plan Orokorra aldatu zuen 2013an.

Landetako gunea

Corrugados Azpeitiak Landetako Errekalde kaleko 1. zenbakian du egoitza nagusia. Hura da enpresaren sarrera nagusia, eta bulegoak daude azpiegitura horretan kokatuta.

Laminazio eremua

Eremu honetan txatarra parkea eta laminazioa daude kokatuta. Kamioientzako bi sarrera ditu: Amuko biribilgunearen ondoan bata, eta Gazteko biribilgunearen ondoan bestea.

Corrugados Lasao

Corrugados Lasao lantegia ere Cristian Lay taldearena da gaur egun. Han elektrosoldatutako metalezko mallak ekoizten dituzte, eta orain dela urte batzuk hainbat lan gatazka izan bazituzten ere, lantegia zabalik dago gaur egun. 30 bat beharginek egiten dute lan Lasao auzoan kokatuta dagoen lantegian. 2013ko abuztuan lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardo Taldeak.