Azpeitiko Udalari "oztopoak" ez jartzeko eta "eman beharreko pausoak emateko" deia egin dio Aldundiak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 13a, 09:36
Corrugados Azpeitiaren herriguneko lantegia. (Urtzi Oteiza)

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak adierazpenak egin ditu, Udal Gobernuak atzo eskainitako prentsaurrekoari lotuta. Hark azaldu duenez, herriguneko labeak Trukutxo eremura lekualdatzea "ezin da alternatiba gisa" proposatu: "Birkokapena planteatzea proiektuari ateak ixtearen modukoa da". Diputatuarentzat "arduraz" jokatzeko unea da.

Corrugados Azpeitia lantegia irekitzeko balizko aukerak hautsak harrotzen eta adierazpenak bata bestearen atzetik sortzen jarraitzen du. Atzo, ostirala, bere proposamena azaltzeko agerraldia eskaini zuen Azpeitiko Udal Gobernuak, eta Nagore Alkorta alkateak adierazitakoei erantzunez hitz egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak egin ditu adierazpenak, eta hark "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eta "oztopoak" jarri beharrean "eman beharreko pausoak emateko" deia egin dio Azpeitiko Udalari. "Enpresak jakinarazi duenez, ekonomikoki bideragarria den aukera bakarra instalazioak lehen zeuden lekuan irekitzea da, ez birkokatzea. Azken aukera hori baztertuta zegoen lehenagotik, eta ezin da, atzo alkateak egin zuen bezala, alternatiba gisa planteatu. Birkokapena planteatzea proiektuari ateak ixtearen modukoa da, nahiz eta proposamen konstruktibo bat balitz bezala aurkeztu".

Larrañagaren aburuz, emandako pausoek erakusten dute Cristian Lay enpresak Corrugados Azpeitia irekitzeko "benetako borondatea" duela, eta hark dioenez, "serio" ari dira proiektuarekin. "Garbi utzi dute Azpeitiko jarduerari berriro ekiteko apustu sendoa egiteko prest daudela, eta ingurumen eta hirigintza baldintza guztiak betetzeko beharrezkoak diren inbertsio guztiak egiteko prest agertu dira". Horri lotuta, diputatuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak "berretsi" duela proiektua "teknikoki eta legalki bideragarria izango litzatekeela", eta esan du Aldundiak ere "prestutasun osoa" agertu duela proiektua aurrera ateratzea errazteko. "Kartak mahai gainean daude, eta orain Azpeitiko Udalaren esku dago oraingoz aukera baino ez dena errealitate bihurtzea".

Sortu den aukerari "ihes egiten" uzterik ez dutela ere jakinarazi du Larrañagak, Azpeitiarentzat, Urola eskualdearentzat eta Gipuzkoarentzat enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko "urrezko aukera" dela uste duelako. Gainera, Jaurlaritzaren ildo beretik hitz egin du, erakundeek susperraldi ekonomikoa bultzatzeko erantzukizuna dutela adierazita. "Gaur egungo krisiaren aurrean, gure erantzukizuna da susperraldi ekonomikoa bultzatzeko planteatzen zaizkigun aukera guztiak aprobetxatzea, herritarren eta lurraldeko enpleguaren mesedetan".

Ekonomia Sustapen diputatuarentzat "arduraz" jokatzeko unea da. "Berretsi nahi dugu konponbidea posible dela udalak hala nahi baldin badu. Aldundiak, Jaurlaritzak eta enpresak erakutsi dugu irtenbide bat bilatzeko prest gaudela, eta orain udalari dagokio bere borondatea benetakoa dela eta itxurakeria ez dela erakustea". Larrañagak adierazi duenez, "kezkaz" ikusten dute "udalak azaldutako blokeo jarrera", baina adierazi du  "onuragarria" izango den proiektua gauzatzeko "oraindik garaiz" dela. "Aldundiak ez du etsiko hori lortzeko ahaleginean, herritarrek ez bailukete ulertuko tren horri ihes egiten uztea".