Usoa Etxeberria: "Elkarlana da proiektu honen alderik politena eta arrakastaren giltza"

Gipuzkoako Hitza 2021ko mar. 14a, 10:06
Usoa Etxeberria Enkarguk-eko kidea.

Landa garapeneko Landaola saria lortu berri du Azpeitiko Enkarguk proiektuak. Tokiko merkataritza sustatzea dute xede, Whatsappez eta telefonoz herritarren eskaerak jaso eta banatuta. Hazten jarraitzen du egitasmoak. Gipuzkoako Hitzan elkarrizketa egin diote Usoa Etxeberriari.

Urrian hasi zuten Enkarguk proiektu berritzailea Azpeitian: tokiko saltokietarako eskaerak jasotzen dituzte, Whatsappez zein telefono deien bidez; ondoren, horiek bideratu, eta jasotzeko zerbitzua bermatzen dute, etxean, kontsignetan nahiz dendan bertan. Sarean kontsumitzeko joera berriei erantzun behar zaiela uste du Usoa Etxeberria proiektuko kideak (Azpeitia, 1979). Proiektu pilotua da, eta ez dute Azpeitian bakarrik gelditzeko asmorik.

Urrian hasi zenuten Enkarguk proiektua, eta hazten ari da oraindik ere, bai erabiltzaile aldetik, bai parte hartzen duten komertzioen aldetik. Behar bat identifikatu duzuela esan daiteke?

Proiektuak, martxan jarri aurretik, lanketa garrantzitsu bat izan du. Dendarteanen [Gipuzkoako merkatarien elkartean] sortu zen ideia, eta zenbait azterketa egin ziren orduan. Azpeitiko Udalarekin jarri ziren harremanetan, baita landa garapeneko eskualdeko agentziarekin ere, eta horrela bideratu zen dena. Elkarlanean garatutako ideia bat da.

Ardura bati erantzunez ekin zenioten bideari. Zein zen ardura?

Kontsumo ohiturak formatu handiko saltokietara ari ziren bideratzen. Izan daiteke egunerokoan denbora falta dugulako, edo erosotasunagatik. Gehienbat, 30 eta 50 urteko jendearen profila da, haurrak dauzkatenena, orokorrean gertatzen ari den arren. Horri aurre egiteko modu bat izan da. Puntu ahulak indartzen dira horrelako zerbitzuak eskainiz.

Adinekoak ez dituzue aipatu ohitura aldaketak izan dituztenen profilean. Baliagarria izan daiteke haientzat ere?

Nahiz eta haiek komertzio txikietara joateko ohitura eduki, inguruko saltoki handiek banaketa zerbitzua eskaintzen dute, txikiek ez dutena. Zerbitzua eskaintzea gehigarri ederra izan da adinekoentzat.

Egitasmoa pribatua da, baina sektore publikoa du sostengu. Bien arteko nahasketa bat da?

Erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren eredu garbia da gurea. Merkataritza indartzeko, hori da bidea. Komertzio txikiak negozio pribatuak baino askoz gehiago dira; horiek herri bati ematen dioten bizitza ez dute ematen saltoki handiek.

Antzerako zerbitzua eskaintzen dutenek aplikazioak erabiltzen dituzte. Zuen kasuan, berriz, Whatsappa da kanala. Zer dela eta?

Denek erabiltzen duten plataforma bat delako. Zenbaitentzat ez da erosoa sare sozialak edo sarea erabiltzea erosketetarako; 80 urteko edozein azpeitiarrek, ordea, Whatsappa erabiltzen du. Ez daukazu beste ezer deskargatu beharrik edo izena eman beharrik.

Horrelako hartu-emanetarako sare sozial hori al da biderik onena?

Kontsumitzaileekin eta dendariekin kontrastatu genuen zer kanal erabili eta beste hainbat kontu; esaterako, banaketarako ordutegia. Datu bilketa bat egin genuen horrelako erabakiak hartu aurretik.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.