Corrugados irekitzeko "lege baldintza guztiak beteko lituzkeen proposamena" aurkeztu duela dio udalak

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 11a, 20:14

Proposamen horren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoa deitu du bihar goizerako erakundeak. "CL enpresak, momentuz, ez du interesik erakutsi aukera horren inguruan", gaineratu du udalak, gaur Donostian Azpeitiko lantegiaren jabeekin, Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin izan duten bileraren ostean plazaratu duen oharrean.

Corrugados Azpeitiaren balizko irekiera aztertzeko bilera egin dute gaur arratsaldean Donostian Cristian Lay (CL) taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak, eta bilera horren ondoren oharra plazaratu du udalak.

Ohar horretan, udalak bileran planteatutakoa jaso du erakundeak. "Corrugados Azpeitia irekitzeko aukera hipotetikoaren aurrean interes berezia erakutsi" duela dio udalak; lantokiaren irekiera "lagundu eta bultzatu" nahi duela, "lanpostuak sortzeko helburuarekin", baina jabe berriek hori posible izateko baldintzak bete beharko dituztela alde batera utzi gabe, "ingurumeneko baldintza guztiak eta arau urbanistikoak zorrotz betez".

Hain zuzen ere, gaurko bilkuran "ingurumen baldintza, hirigintza arau eta lege baldintza guztiak beteko lituzkeen aukera mahai gaineratu" duela aurreratu du udalak. Proposamen hori "jarrera eraikitzailez aztertzeko eta lantzeko" eskatu die udalak "inplikatutako eragile guztiei", baina bilera osteko oharrean bertan adierazi duenez, "CL enpresak, momentuz, ez du interesik erakutsi aukera horren inguruan".

Gaur aurkeztu duen proposamenaren edukiaz ez du argibide gehiago eman udalak, baina prentsaurrekoa deitu du bihar goizerako eta xehetasunak han azalduko dituztela esan du erakundeak. Argitu du, hori bai, labeak herrigunean martxan jartzeko aukera txosten teknikoen menpe dagoela. Txosten horietan jasotakoaren gain egongo da "erabakia", udalaren esanetan, baina erakundeak aurreratu du "oso konplikatua izan daitekeela" txostenek labeak herrigunean irekitzeari oniritzia ematea.