Pandemiaren eraginez, iaz %37,5 herritar gutxiagok jo zuten Ogasunaren Azpeitiko bulegora

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 13a, 10:23

Aurrez aurreko arreta nabarmen murriztu zen Ogasunaren bulego guztietan, baina telefono eta Internet bidezko kontsultak asko ugaritu ziren. Azpeitiko bulegoan 6.209 herritarri eman zieten aurrez aurreko zerbitzua iaz. Ogasunearen bulegoetako zerbitzua da herritarrek ondoen balioesten dutenetako bat, 10etik 9,01eko puntuazioarekin. 

Ogasunaren Azpeitiko bulegoak 6.209 herritarri eman zien aurrez aurreko zerbitzua iaz. 2019tik jaitsiera nabarmena izan du kopuruak, %37,5ekoa hain zuzen, COVID-19a zabaltzea saihesteko neurrien eraginez. Dena dela, Ogasunaren bulegoetan jasotako zerbitzua herritarrek ondoen balioesten dutenetako bat da, 10etik 9,01eko puntuazioarekin. Datu horiek eta beste hainbat eman zituen herenegun Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak, Gipuzkoako Ogasunaren hainbat bulego bisitatu ostean. Asteazkenean izan zen Azpeitiko bulegoan. 

Aurrez aurreko arreta emandako herritarren kopurua lurraldeko bulego guztietan murriztu zen iaz, besteak beste, bulego horiek denboraldi batez itxita egon zirelako. Hala ere, aipatzekoa da, Donostiako Errotaburuko bulegoaren ostean (-%19), Azpeitikoak izan zuela jaitsiera txikiena. Gipuzkoa guztiko datuak kontuan hartzera, %42,9koa izan zen jaitsiera eta, orotara, 100.947 herritarri eman zieten aurrez aurreko zerbitzua; zortzi gipuzkoarretatik bati.

Jaitsiera adierazgarria izanagatik ere, Ogasunaren bulegoek ematen duten zerbitzua da herritarrek ondoen balioesten dutenetako bat, eta horixe azpimarratu zuen Peronak ere. Jasotako tratuari, hizkerari eta artatu zituzten hizkuntzari dagokionean, herritarrek 9,39ko puntuazioa eman zioten zerbitzuari. Bulegoetan arreta jasotzeko itxaron beharreko denbora, berriz, bi minutuz azpikoa izan zela nabarmendu zuen diputatuak. Haren hitzetan, "zifra ikusgarriak dira, zerbitzuak lortu duen bikaintasunaren erakusgarri". Horiek horrela, bulegoetako langileak zoriondu zituen eta eskerrak eman zizkien lortutako emaitzengatik: "Ogasunaren aurpegia zarete, herritarrengandik hurbilen daudenak, eta, beraz, erakundearentzat berebiziko garrantzia duen zerbitzua zarete".

Aurrez aurreko zerbitzua herritar gutxiagori emateak telefono eta Internet bidezko kontsultak eta tramiteak ugaritzea ekarri zuela azaldu zuen Peronak, horiek esponentzialki hazi zirela. Hala, joan den urtean herritarren 441.917 telefono dei jaso zituen Gipuzkoako Foru Ogasunak, 2019an baino % 34 gehiago. Horrek zerbitzu hori indartu beharra ekarri zuen, batez ere bulegoak itxita egon ziren egunetan. Internet bidezko arretari dagokionean, berriz, Ogasunaren webguneak 1.044.931 bisitari izan zituen iaz, 2019an baino % 30,8 gehiago.

Datorren hilean martxan jarriko duten Errenta kanpainaz ere hitz egin zuen diputatuak, eta bereziki aipatu zituen aitorpen mekanizatua egiteko aukera eskaintzen duten bulegoak. Azpeitikoa da horietako bat. Bulego horietan herritarrek aurkera dute errenta aitorpenak aurkezteko Ogasuneko langileen laguntzarekin. Iaz, orotara, 51.457 errenta aitorpen aurkeztu zituzten modu horretara, 2019an baino gutxiago, pandemiaren eraginez. Zerbitzu horrek herritarren artean duen harrera ona nabarmendu zuen diputatuak, haren hitzetan, "urtez urte 10etik 9ko balorazioa" eskuratzen baitu. "Ogasuneko langileekin eskaintzen dugun zerbitzu bat da, eta horrek erabateko segurtasun juridikoa ematen die herritarrei; hortik hain balorazio altua izatea".

Teknologia berrien alde Gipuzkoako Foru Ogasuna azken urteetan egiten ari den apustuari ere azpimarra egin zion diputatuak, baina horiekin moldatzeko zailtasunak izan ditzaketen herritarrak ahaztu gabe. "Herritarren arretarako gure zerbitzua etengabe aldatzen eta hobetzen ari da, pauso irmoz ari gara aurrera egiten, baina inor atzean utzi gabe".