Klik!

Aldabak, desagertzear

Maialen Etxaniz 2021ko api. 2a, 09:24

Ateen aurrealdean jarri ohi ziren metalezko piezak dira aldabak, eta horiek atearen kontra kolpatuz barrukoei dei egiteko erabiltzen ziren. Horrelako gutxi ikus daitezke dagoeneko Azpeitiko kaleetan, gehienak Alde Zaharrean eta inguruko auzo txikietan. Irauten duten horietako batzuk jasota daude 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian, Klik! argazki erreportajean.

Dragoia

Urrestillako Kaletxiki kaleko etxe bateko ate nagusian dago goiko irudian ageri den dragoi itxurako aldaba. Dagoeneko aldaba gutxi gelditzen dira herriko etxeen atarietan, eta horien artean, oso urriak dira itxura berezi hori dutenak.

Esku itxurakoak

Esku itxura duten aldabak ikus daitezke Donejakue kaleko hamargarren zenbakidun eta Elizkaleko hogeigarren zenbakidun eraikinen sarrerako ateetan. Eraikin batean zein bestean, erabilerarik ez duten apaingarri gisa irauten dute aldabek; izan ere, gaur egun txirrinak dituzte atari horietan, solairu bakoitzean bizi diren bizilagunei deitzeko.

Lehoiak

Gaur egun Azpeitian gelditzen diren aldaba gehienak esku itxurakoak diren arren, garai batean askotariko formak izan ohi zituzten. Argazki hauetakoak, esaterako, lehoi itxurako aldabak dira. Bata Urrestillako Kalebarrenean aurki daiteke; bestea, berriz, Donejakue kalean.

Gurutzez inguratuta

Urrestillako Kalebarreneko irudia da goikoa ere. Bertan, aldaba arrunt bat ikus daiteke, baina inguratzen duten elementuek egiten dute berezi. Egurrez eginiko gurutze txiki ugari ditu bueltan aldabak, eta horien gainean beste irudi bat ere badago. Bertan, jainkoaren irudia ikus daiteke, eta honela dio: "Bedeincatuco
ditut nire Biyotzaren irudirembat aguiriyan daucatenac eta au honratzen dutenac".

Kaliza

Goiko argazki hau Matxinbentan hartutakoa da. Bertan, kalizaren itxurako aldaba bat ikus daiteke. Irudikoa ez da etxe zahar batean jarritako aldaba, eta harritzekoa da hori; izan ere, ez da oso ohikoa urte gutxi dituzten aldabak ikustea etxe atarietan