Atzera begira

Eraiste baten azpiko istorioa

Julene Frantzesena 2021ko api. 6a, 10:15
Santiago Rodriguez eta Purificacion Perez. (Utzitakoa)

Eraitsi berri duten Enparan kaleko 12. zenbakian izan zuen saltokia Rodriguez-Perez sendiak: Riojanoneko bodega. Hango historia eta istorioak kontatu dituzte Santiago Rodriguezek eta Purificacion Perezek 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian.

Pixkanaka, baina Alde Zaharreko hainbat etxe eta eraikin zaharberritzen ari dira urtez urte; udalak eraberritu ditu batzuk, eraikuntza enpresek besteak eta bizilagunek beste batzuk. Herriko eremu horretako etxe askok historia luzea dute eta istorio asko dituzte barruan, eta horietako bat da Enparan kaleko 12. zenbakiduna. Hasi dira etxebizitza berriak egiteko eraikina eraisten, baina toki horrek, karrera horrek, badu bere historia, eta protagonisten ahoetatik jaso du kontakizuna Uztarriak.

1956an saltoki bat zabaldu zuten karrera horren behealdean Santiago Rodriguezek (Covarrubias, Burgos, Espainia, 1925) eta Purificacion Perezek (Ausejo, Errioxa, Espainia, 1932): izenik ez zuen, baina Riojano bezala zen ezaguna herrian. Ardoa zen hango lehengai nagusia, "kalitatezkoa", Rodriguezen arabera. Izan ere, ardoak dastatzen ikasia zen ordurako Errioxan, 15 urterekin joan baitzen Burgostik hara zahatoegile lanetara. "Han ikasi nuen ardoa dastatzen eta maitatzen", azaldu du.

Denboraren joanarekin, Errioxa "gauza gutxi" iruditzen hasi zitzaion Rodriguezi, eta Perezekin ezkonduta, Zumarragara (Gipuzkoa) egin zuten ezkon bidaia. "Hango giroa gustatu egin zitzaigun, eta...". Hantxe geratzea erabaki zuten. Errioxan ikasitakoa, baina, ezin alde batera utzi, eta Zestoan bodega koxkor bat zabaldu zuen bikoteak: "Errenta 200 pezeta ordaintzen genuen hilean. Txikia zen, aulki gutxi genituen, eta bezeroak barrikak deskargatzeko genituen oholetan egoten ziren eserita", gogoratu du.

Gero ireki zuten Azpeitiko saltokia. "30.000 pezeta ordaindu nituen eskualdatzeagatik. Oso diru gutxi nuen orduan, eta eskriturak egiterakoan, ordaintzeko lain ba al nuen galdetu zidan notarioak. Hurrengo egunean ordainduko niola esan nion lokalaren jabeari, baina ezin. Esan nion ezin niola ordaindu, eta zoro baten moduan jarri zen... Azkenean, ordaindu nion, baina pixkanaka", azaldu du Rodriguezek.

Bizikletan, orgarekin...

Errioxatik ekartzen zuten ardoa Rodriguezek eta Perezek; bidaia bakoitzean "400 litroko hamar-hamabi barrika" ekartzen zituen kamioiak. "Nik banekien zerbait ordurako, eta herritarrek asko goraipatzen zuten ardo haren kalitatea. Jeneroa ona zen". Sasoi hartan ardoa zen herritarren edari preziatua, Rodriguezek azaldu duenez: "Pentsa, 400.000 litro ardo saltzera iritsi ginen urte batean. Erraz esaten da, baina...".

Ardoa saltokian bertan ere zerbitzatzen zuten, eta hari laguntzeko kutixiez Perez arduratzen zen. Hark dioenez, "ondo" moldatzen zen sukaldean: "Marcial Ucin tailerreko langileak etortzen ziren, eta...: 'Aizu, riojana, arkume hankatxo batzuk eta karakol batzuk jarriko al dizkiguzu?'. Nik baietz, noski. Jendeak orduan ez zekien karakolak jaten Azpeitian, eta arkume hankak inork ez zituen prestatzen nik bezala". Haiek ohiko bezeroak ziren, ia-ia etxekoak, Perezek dioenez. "Mari Pili alaba sehaskan uzten nuen haiei jakiak prestatzeko, eta beti negarrez hasten zenez, Marcialeneko langileei esan behar izaten nien umea hartzeko".

Perezek adierazi duenez, bezero ugari zituzten, asterokoak. "Senarrak karakolak biltzen ibili behar izaten zuen Zestoatik itzultzean. Gauerdira arte ibiltzen zen horretan, eta ni gero karakolak garbitzen aritzen nintzen goizaldera arte, bezeroek hurrengo egunean jan zitzaten. Bilobak ere jartzen nituen arkume hankei ileak kentzen", azaldu du barrez. Perezen sukaldeak Zestoan ere bazuen arrakasta; izan ere, emazteak Azpeitian prestatutakoa hara ere eramaten zuen Rodriguezek: "Bizikletan kazola handi bat jarri, eta han joaten nintzen...".

Ausejotik ekartzen zuten ardoa Riojanonekora, eta edaria garraiatzen zuen kamioiak ikusmina pizten zuen herrian, zenbait buruhauste sortu ere bai. "Behin gidariak kristorenak pasatu zituen. Nuarbera sartu zen, eta ez zekien non zegoen, ez gu non geunden. Kamioi haietako bat lehen aldiz Enparan kalera iritsi zenean, jendea harrituta gelditu zen; halako kamioitzarra inoiz ikusi gabeak ziren... 'Begira zer kamioi ekarri duen errioxarrak!', esaten zuten".

Kamioiak, ordea, Azpeitira ekartzen zuen ardoa. Gero, etxeetara eta baserrietara Rodriguezek banatzen zuen, bizikletarekin edo orgarekin. Eta zenbait lekutara autobuseko parrilan eramaten zituzten garrafoiak. Gerora erosi zuten furgoneta. "Eskualdeko ardo saltzaile nagusi bilakatu ginela esan daiteke; Errezilera, Urrestillara, Nuarbera, Beizamara, Aratzerrekara, Aizarnara, Iraetara... eramaten genuen ardoa. Orduan jendeak edan egiten zuen, baita ardoaz ulertu ere".

Bazen, ordea, jendeak ez zekien gauza bat, Rodriguezek dioenez. "Jendeak ez zekien guk saltzen genuen ardo hark hamalau gradu zituela. Gaur egun, hamaika-hamabi izaten dituzte, eta orain 'begira ze ardo on' esaten dutenean, ia atzeraka erortzen naiz. Ardo onak ordukoak ziren! Zer zen hura!". Herrian baziren ardoa saltzen zuten beste denda batzuk ere, "konpetentzia" bazutela oroitu du Perezek, baina bizirautea  jenero onak bermatu ziela azaldu du: "Askok ardo korrienteak ekartzen zituzten, baina nire senarra bodega batean hazi zen, eta bazekien zer zen ardo ona... Ahosabai ona zuen, dastatzaile ona zen".

Enparan kaleko lokal haren azpian zuten bodega, eta porlanezko biltegiak zituzten han, 35.000 bat litro gordetzeko lekuarekin. "Kamioia etortzen zenean, bonbatxo batekin betetzen genituen biltegiak". Ibilerak izaten zituzten, ordea, zeregin horretan hasterako. "Enparan kalean zegoen orduan errepide nagusia, eta norabide bakarra zuen ibilgailuentzat. Kamioiak hamar bat buelta egin behar izaten zituen askotan, trafikoa ez oztopatzeko. Dena den, serenoak oso ondo portatzen ziren gurekin: askotan autoak Elizkaletik barrena bideratzen zituzten, eta guk ardo botila bana ematen genien", azaldu du barrez Rodriguezek.

Perezek eta Rodriguezek, biek, oso oroitzapen onak dituzte garai haiez, baita bezeroez ere. Hala dio Perezek: "Nik denak ondo tratatzen nituen, eta egia esan, denek maite ninduten". Rodriguezek dioenez, emaztea saltokian ez zenean haren "falta" sumatzen zuten herritarrek: "Gustura nago jende pila bat ezagutzeko aukera izan genuelako eta oso jende onarekin egin genuelako topo. Asko maite gintuen jendeak".

Herrira iritsi zirenean, baina, a zer komeriak. "Herritarrak ez nituen izenez ezagutzen, eta banaketa egiteko sistema bat asmatu nuen. Bezero bat etortzen zenean, non bizi zen esaten zidan, eta bere izena ez nekienez, eskaerari 'balkoi gorria', 'harrizko portala' edo 'hautsitako kristala' bezalako esaldiak jartzen nizkion, nora eraman behar genuen zehazteko. Denborarekin, bezeroek ere gisa horretan egiten zituzten beren eskaerak". Badu, gainera, anekdota bat gogoan Perezek; barrez kontatu du: "Egun batean, emakume bat etorri zen, eta nik gaztelaniaz zer nahi zuen galdetu nion. "Bete", erantzun zidan, eta nik 'nola vete?'. Hark garrafoia betetzea nahi zuen, baina nik ez nion hori ulertu".

Rodriguezek ere oroitzen du gertakizun bat. "Denda atarian Vinos la riojana zioen kartel bat genuen. Errioxar bat etorri zen nigana, eta zera esan zidan kartelari begira: 'Zu ez zara Errioxakoa, zuk esan bai, baina...'. Salatu egin nahi gintuen Burgoskoa nintzelako, baina herri guztiak riojano deitzen zidan... Azkenean, kendu egin genuen kartela".

Familia negozioa zen Enparan kalekoa; Rodriguezek eta Perezek ez ezik, horien anaia banak ere egiten zuten lan Riojanonekoan. Eta urteak aurrera joan ahala, bikotearen bi semeak ere hasi ziren lanean, laguntzen. Denboraren joanarekin, baina, eta errelebo faltak eraginda, saltokia ixtea erabaki zuten senar emazteek. "Semea nekatuta zegoen barrikekin eta garrafoiekin lan egitearekin, eta argazkilaritza gustatzen zitzaionez... Ni ere erretiroa hartzear nengoen, eta inguruan ez genuen jarraitzeko prest zegoen inor". Hala, 1991n itxi zituzten hainbeste urtez herritarrei "edari goxoa" deiturikoa zerbitzatu eta saldu zieten dendaren ateak. Perezek ere hala oroitzen ditu azken urteak: "Lan asko genuenean ihes egiten zuen semeak, ez zuen han lan egiterik nahi izaten. Santiago gabe ez zegoen ardorik, eta...".

Enparan kaleko 12. zenbakia bota egingo dute aurki, baina hango oroitzapenen kutxa zabalduta eta istorioak azaleratuta geldituko dira. Izan ere, kontatzeko jendea den artean, ez dago bizitakoa eraisterik. Hala dio Perezek: "Pena ematen dit, baina eraikina berrituta ikustean asko poztuko naiz. Oroitzapen oso onak ditut".