Hainbat ekitaldi, Pasaiako segadaren 37. urtemugaren harira

Julene Frantzesena 2021ko mar. 16a, 08:59
2019ko lore eskaintzako irudi bat.

Astelehenean segadari buruzko argazki erakusketa zabalduko dute Betharramen. Egun horretan bertan beteko dira 37 urte  Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela, eta hildakoei lore eskaintza egingo diete. Ekitaldi nagusia, berriz, hilaren 27an, zapatua, egingo dute, Azoka Plazan.

Astelehenean, martxoaren 22an, 37 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituenetik. Urtero moduan, Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunek hainbat ekintza prestatu dituzte urteurrenaren bueltan.

Astelehenean zabalduko dute Pasaiako segdaren bueltako argazki erakusketa, Betharram aretoan, eta zabalik izango da zapatura bitartean. Betharrameko aretoaren ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da erakusketa: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Gainera, segada jazo zela 37 urte betetzen diren eguna izanik, hildakoei lore eskaintza egingo diete haien oroimenez Enparan dorretxearen atzealdean kokatuta dagoen oroitarrian. 19:00etan izango da lore eskaintza. Pasaiako segadan hidakoak oroitzeko ekitaldia, berriz, hilaren 27an, zapatuan, egingo dute Azoka Plazan, 18:00etatik aurrera.