Torturak jasan dituzten azpeitiarrei aitortza, 'Non dago Mikel?' dokumentalaren azken emanaldian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 10a, 21:00
'Non dago Mikel?' filmaren zuzendariak eta Oihana Zabalza, Soreasun. (Anartz Izagirre)

Mikel Zabalzaren hilketa ardatz duen Non dago Mikel? dokumentalaren azken emanaldia izan da gaur, asteazkena, Soreasun. Leporaino bete da antzokia, eta emanaldiaren hasieran torturak jasan dituzten azpeitiarrei aitortza egin die Azpeitiko Udalak. Ikus-entzunezkoa amaitu denean, berriz, solasaldia izan da filmaren zuzendariekin eta Mikel Zabalzaren iloba Oihana Zabalzarekin.

Azken egunetan Non dago Mikel? dokumentala izan da ikusgai Soreasun, eta gaur, asteazkena, eskaini dute azken emanaldia antzokian. Gaurko saioa, gainera, berezia izan da, emanaldiaren aurretik Azpeitiko Udalak aitortza egin baitie torturak jasan dituzten azpeitiarrei. Bestalde, emanaldian izan dira Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas filmaren zuzendariak nahiz Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba. Ikus-entzunezkoa amaitu bezain pronto solasaldia izan da haiekin, eta herritarrek dokumentalaren inguruan zituzten galderak egiteko aukera izan dute.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak giza eskubideen urraketak izan ditu hizpide hasierako hitzartzean: "Azpeitiko kuartel zaharra, Intxaurrondo, Tres Cantos... Izen horiek aipatzearekin bakarrik hotzikarak sortzen zaizkizue batzuei". Ildo horretatik, Alkortak aipatu du Azpeitian 82 gizon-emakume direla torturen bidez giza eskubideen urraketen testigantza eman dutenak, "baina badakigu asko gehiago zaretela", gehitu du. Bestalde, "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu ditu, eta esan du "beharrezkoa" dela giza eskubideen urraketa guztiak "ikertzea, argitaratzea eta justizia egitea". Aranzadirekin azken urteetan izandako elkarlanaz ere aritu da Alkorta: " Aranzadirekin 2014. urtean hasi ginen elkarlanean, eta 1936. urtetik gaur arte izan diren giza eskubideen urraketa guztiak ikertzeko konpromisoa hartu genuen". Alkortaren hitzartzearen ostean, berriz, Oihana Zabalzak hartu du hitza, eta "familia osoaren partetik" eskerrak eman dizkie Soreasura gerturatu diren guztiei.

Nagore Alkorta bere hitzartzean.