Azpeitira iritsi da Hi Gazte! egitasmoa

Julene Frantzesena 2021ko mar. 10a, 11:23

Nerabeen aisialdian euskara areagotzea du helburu Hi Gazte!-k, eta hirugarren saioa Azpeitian egin dute gaur Iraurgi Ikastetxeko nahiz Pasai Lezo Lizeoko ikasleek. Iholdi Beristain eta Ilargi Arrizabalaga abeslariek gidatu dute Soreasu antzokian egin duten saioa.

Hi Gazte! egitasmoa Azpeitira iritsi da gaur, asteazkenarekin. Nerabeen aisialdian euskara areagotzea du helburu Hi Gazte!-k, batez ere, ikus-entzunezko edukien kontsumoari, hedapenari eta sorkuntzari lotuta, eta gaur Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko nahiz Pasai Lezo Lizeoko ikasleek parte hartu dute saioan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikasleek "ederki" pasatu dute Iholdi Beristain eta Ilargi Arrizabalaga abeslariek gidatutako saioan. 09:00etan hasi dute saioa Soreasu antzokian, eta lehenik kanta bana abestu dute bi sortzaileek. Gero, beren aurkezpen bideoak aurkeztu dizkiete ikasleei, eta ondoren Zea Mays musika taldearen abesti baten moldaketa aurkeztu dute. Ikasleek Beristaini eta Arrizabalagari galderak egiteko aukera izan dute sare sozialen bidez. Saioaren bigarren zatian, berriz, ikasleek izan dute abesteko nahiz gitarra jotzeko parada.

Hi Gazte! Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara departamentuak sustatutako dinamika da, eta Gipuzkoako eskualde ezberdinetako 14 eta 16 urte arteko neska-mutikoekin ari dira saioak egiten. Lehena Eibarren egin zuten, eta bigarrena Urnietan. Gaurkoa, Azpeitikoa, hirugarren saioa izan da. Eskualde bakoitzeko hiruna ikastetxe ari dira Hi Gazte! egitasmoan parte hartzen.