Medikua

Iñaki Gurrutxaga: "Profesionalen borondateari esker eusten zaio Katalunian osasun sistema publikoari"

Ihintza Elustondo 2021ko api. 1a, 09:00
Iñaki Gurrutxaga, lantokian. (Utzitakoa)

Maitasunak eraman zuen Iñaki Gurrutxaga Bartzelonara. Uda bat igarotzera joan zen hara, eta luzatu egin zaio egonaldia: hemezortzi urte daramatza han. Familia medikua da, eta Bartzelonako CAP Casernes osasun zentroan lan egiten du. 2021eko martxoko Uztarrian aldizkarian hari egindako elkarrizketa da honako hau.

Koronabirusak bazter guztiak astindu zituenetik urtebete igaro denean, bizi izandakoaren kronika egin du Iñaki Gurrutxagak (Urrestilla, 1970). Lanean "sekulako estresa" izan duela aitortu du, eta lehen aldiz, "beldurra" sentitu duela. Guztia haizea hartzera bidaltzeko gogoa sartzen zaionetan, lagun batek esandakoa gogorarazten dio bere buruari: "Ez ahaztu zure hondar alea jartzen ari zarela". Halaxe, eta meditazioari esker, jarraitzen du egunero-egunero anbulatorioko atea zabaltzen eta beharra duenari laguntzen.

Zergatik erabaki zenuen Medikuntza ikastea?

Ez nuen betetzen ninduen beste ezer aurkitzen; horregatik hasi nintzen Medikuntza ikasten, Iruñean. Ondoren, BAME (barruko mediku egoiliarra) azterketa egitera itzuli nintzen herrira. Azterketa egin ostean, ez nuen nahi berriro etxetik urrun joatea, eta Zumarragako Ospitalean familia mediku espezialitatea egiteko aukera sortu zitzaidan; aukera horri heldu nion. BAME azterketa gainditu ostean, medikuok lau urte egiten ditugu ofizioa ikasten, egoiliar gisa, eta horietako hiru urte egin nituen Zumarragan. Azken urtea, berriz, Azpeitiko anbulatorioan egin nuen; Maria Jesus Bernaras izan zen nire tutorea, nire familia medikua ere bazena. Azken urtea Azpeitian eginda amaitu nituen ikasketak, eta gero, sekulako gauza kuriosoa gertatu zitzaidan.

Zer?

Nirekin familia mediku espezialitatea egiten ari zen Huescako (Espainia) lagun bat ezkondu egin zen, eta jende pila bat joan ginen Huescara, ezkontza ospatzera. Hara iritsi ginenean, ezkontzaren aurreko gauean, kalera irten ginen zerbait hartzera, eta ezkondu behar zuen lagunak topo egin zuen berarekin unibertsitate ikasketak egin zituen neska batekin: Martarekin. Marta gurekin etorri zen afaltzera egun hartan, zerbait sortu zen gure artean, eta ordutik elkarrekin gaude.

Urrestillakoa zara zu, Huescan ezagutu zenuen Marta, eta Bartzelonan bizi zara egun. Nolatan hartu zenuen Kataluniarako bidea?

Marta Huescakoa da, baina orduan ginekologiako espezialitatea egiten ari zen Bartzelonan. Bera ezagutu nuenean, Bartzelonara etorri nintzen uda bat igarotzera, 2003an.

Uste baino gehiago luzatu zen egonaldia, ezta?

Bai, bai. Aurtengo udan hemezortzi urte beteko dira Bartzelonara etorri nintzenetik. Orduan, lan pila bat zegoen hemen, Euskal Herrian bezalaxe, eta hementxe hasi nintzen beharrean. Dena den, 2008ko ekonomia krisiaren ondorioz, asko jaitsi zen lana. Sekulako murrizketak izan ditugu Kataluniako osasun publikoan, eta asko okertu dira gure lan baldintzak. Gero eta paziente gehiago artatu behar izaten ditugu; udan ordezko langileek betetzen zuten gure oporraldia, eta hori dena kendu ziguten... 2008an sekulako zartatekoa eman zioten osasun zerbitzu publikoari.

Zer irakurketa egiten duzu horretaz?

Higiezinen burbuila lehertu egin zen, eta orduan, politikariak beren burua salbatzen saiatu ziren. Horretarako, eremurik eskuragarrienera jo zuten: funtzionarioei murrizketak ezartzea zen egin zezaketen gauzarik errazena. Irakaskuntzan, osasun publikoan... egin zituzten murrizketak. Katalunian, arrazoi batengatik eusten zaio osasun sistema publikoari: profesionalen borondateari esker. Medikuntza ikasi duenak beti dauka alde erromantiko bat, ardura edo erantzukizun bat... Gaur-gaurkoz, profesionalek mantentzen dute osasun publikoa Katalunian.

Egoera lehendik ere ona ez, eta orain, COVID-19 gaitza iritsi da.

Ba bai, eta sekulakoa ari da izaten gaitz horrek ekarri duena. Pandemia oso-oso gogor bizi izan dugu hemen. Izurria dela eta, lehen aldiz beldurra sentitu dut lanean. Izan ere, gaitza iritsi zenean, bat-batean jendea hiltzen hasi zen, eta gazte batzuek oso-oso gaizki pasatzen zuten. Egoera horren aurrean, ez geneukan baliabiderik, ez materialik. Hasieran ez genekien birusak nola lan egiten zuen, jende asko kutsatu zen, eta anbulatorio batzuek ateak itxi behar izan zituzten. Nik lan egiten dudana izan da itxi ez den anbulatorioetako bat.

CAP Casernes osasun zentroan, lankide batekin. (Utzitakoa)

Nola eragin dizue kaos horrek guztiak zuen eguneroko lanean?

Orduan jaio zen telelana guretzako. Pazienteekin komunikatzeko era aldatu zen; haiek bisitatu beharrean, kontsultak telefonoz egiten hasi ginen. Oso gaizki zegoela nabaritzen genuenari bakarrik esaten genion anbulatoriora etortzeko. Eta oraindik ere horrelaxe ari gara lanean. Mediku eta erizain nahikoa ez dagoenez, ahal bezala ari gara moldatzen. Orain, lanean telefono bidez ari garenez, paziente gehiago artatzen ditugu. Lehen, egunean 30 bisita inguru izaten nituen, eta orain 50 bat pazienterekin hitz egiten dut telefonoz.

Izurriak osasun zerbitzuak hankaz gora jarri dituen arren, agintariek ez dute osasun publikoaren aldeko apusturik egiten?

Ez. Ez dira mediku eta erizain gehiago kontratatzen, kontratu eskasak egiten zaizkie horiei, Euskal Herrian baino soldata baxuagoa daukagu medikuok Katalunian... Egoera horren aurrean, osasun langileek alde egiten dute Kataluniatik. Horri gehitu behar zaio egungo ziurgabetasun politikoa. Kataluniak une honetan ez dauka duela hamabost-hogei urte zeukan xarma. Egun, arazo dezente ditugu Katalunian.

Euskal Herria egoera hobean al dago?

Askoz ere hobean, egoera ekonomikoari dagokionez. Euskal Herrian beste osasun zerbitzu batzuk daude, hezkuntza sistema hobea... Katalunian erdi mailako klasea desagertzen ari da, eta Euskal Herrian oraindik ere mantentzen da hori. Katalunian lanpostu asko oso prekarioak dira, oso justuko soldata kobratzen du jendeak... Etxebizitza eta bizimodua oso garesti daude, eta jendea justu-justuan bizi da. Hori gero eta gehiagora doa. Gainera, gatazka politikoa daukagu, eta horrek ez digu laguntzen. Espainiako Estatuak are gehiago estutzen gaitu; garbi dago hori. Hemendik Euskal Herria sekulako inbidiarekin begiratzen dugu. Hemen zera pentsatzen du jendeak: Euskal Herrian jakin dela gauzak egiten, Espainiako Estatuarekin negoziatzen, eta bizi baldintza onak dituztela biztanleek. Hemen, adibidez, jende askok dauka mutua bat, osasun zerbitzu pribatu bat. Zergatik? Sekulako itxaron zerrendak dauzkagulako osasun sistema publikoan. Hemen baino askoz ere osasun sistema hobea dago Euskal Herrian, alde handiarekin. Hemendik hala ikusten da: euskal herritarrak direla Espainia guztiko aberatsenak, eta gainera diru gehiena horientzat izaten dela.

Aldi berean, Euskal Herriko independentistek ez al dute Katalunia inbidiaz begiratzen?

Bai, ados nago horretan. Eta azken hauteskundeetan ikusi dugu zer gertatu den. Alderdi independentistek besteek baino boto gehiago jaso dituzte.

Nola ikusten duzu Kataluniako panorama politikoa?

Guk daukagun sistema Euskal Herrikoaren oso ezberdina da. Euskal Herrian, zuen dirua gordetzen duzue, eta Espainiako Estatuarekin negoziatu ostean, adostu duzuen kopurua ematen diozue Madrili. Kataluniaren kasuan, alderantziz gertatzen da: Madrilek diru dena jasotzen du, eta gero ematen digu estatuari egokia iruditzen zaion kopurua. Kataluniako independentisten ustea honako hau da: Espainiak bueltatu beharko ligukeena baino askoz ere gutxiago bueltatzen digula. Dena den, aditu askorekin hitz egin dut gai horri buruz, eta inork ez daki hori horrela dela azaltzen. Beraz, ez dakit egia al den Madrilek askoz ere diru gehiago eman beharko ligukeela edo informazio hori manipulatu egiten ote den.

Zenbait pertsonak kritikatzen duena da, pandemia tarteko, dena koronabirusaren poltsa horretan sartzen dela, eta beste gaixotasun batzuk ondo tratatu gabe gelditzen ari direla. Hori hala dela iruditzen al zaizu?

Bai, zalantzarik gabe. Baina horrek azalpen bat dauka. Hori arrazoi bategatik gertatu da: osasun publikoa ez zegoen prestatuta pandemiak ekarri duen guztiari aurre egiteko. Izurriari ondo erantzuteko, mediku, erizain eta erietxe bikoitzak beharko genituzkeen. Horren aurrean, sekulako esfortzua egin behar izan dugu egoerara egokitzeko. Eta osasun zerbitzuetan lanean ari den jendea benetan nekatuta dago, nazkatuta eta muga-mugan. Gauza asko daude ezin direnak ulertu; beno, arrazoi ekonomikoak kontuan hartuta bakarrik uler daitezke. Osasun zerbitzuetan lan egiten dugunok esaten ari ginen Gabonak ospatzen ez uzteko, eta utzi egin zen; orduan etorri zen hirugarren olatua. Oraintxe ari gara hirugarren olatuari buelta ematen, eta Aste Santuaren beldur gara. Arauak murrizten badituzte, laugarren olatua etorriko da. Osasun langileok urtebete daramagu %200 ematen, eta erabaki horiek ez daukate aitzakiarik.

Gurrutxaga Bartzelonan, Barceloneta hondartzan. (Utzitakoa)

Argazkilaritza da Gurrutxagaren afizioetako bat; irudian, kamera batekin. (Utzitakoa)

Batek baino gehiagok zalantzan jartzen du pandemia bat bizitzen ari ote garen edota indar politikoen arteko gerra bat ote den egungoa. Zer esango zenieke iritzi hori dutenei?

Egun batean larrialdietara etortzeko. Koronabirusa daukan jendearekin egun bat igarotzen baldin badute, ziurrenik gau horretan ez dutela lo lasai egingo. Benetako dramak ikusten ditugu medikuok, eta ez jende zaharraren artean bakarrik. Badago txertaketaren aurkako korronte bat, eta uste dut korronte horretako gehienak gazteak direla, indartsu sentitzen direnak eta arrisku sentipenik ez daukatenak. Eta nork esaten digu birus hau ez dela mutatuko eta 4-5 urteko umeei erasaten hasiko dela? Gertatu daiteke hori ere. Birusa mutatzen ari da: Hegoafrikako, Britania Handiko, Brasilgo... aldaerak dauzkagu, eta horiek aldaera arriskutsuagoak dira. Garbi dagoena da orain dauzkagun txertoekin ez dela nahikoa izango izurriari aurre egiteko. Birusak eboluzionatzen duen neurrian, txertoek garatu egin beharko dute, eta gehiago txertatzen jarraitu beharko dugu.

Txertoa da, beraz, zuretzat itxaropena.

Zalantzarik gabe. Ni dagoeneko txertatu naiz, Pfizerren txertoarekin. Ondoren, proba egin dut ikusteko ea odolean antigorputzak garatu ditudan edo ez, eta positibo eman dut. Nire inguruneko osasun langile denek ere positibo eman dute. Horrek esan nahi du koronabirus originalaren aurkako antigorputzak garatuta dauzkagula. Ez dakigu zenbat iraungo duten odolean defentsa horiek, baina sekulako aldea da hor dauzkagula jakitea. Mundu guztia txertatzen denean, jende gutxiago gaixotuko da, osasun zerbitzuek arnasaldi bat izango dute, eta gero eta jende gutxiago kutsatuko da. Larri jartzen den jendea ere askoz gutxiago izango da; bide bakarra horixe da.

Jende askoren galdera honako hau da: sekula itzuliko al gara lehen bezala bizitzera?

Lehen bezala bizitzea baldin bada maskararik gabe bizitzea, bai; horretara iritsiko gara seguru-seguru. Agian, ordea, osasun zerbitzuak baliatzerakoan maskara erabili beharko dugu aurrerantzean; ez dakit nola joango den kontua. Hori bai, gizartea nahiko lo eta motel ikusten dut. Politikariak pandemia aprobetxatzen ari dira gauzak are gehiago estutzeko, eta niri bezala, jende askori eragin diote murrizketa horiek. Bien bitartean, burua beste gauza batzuetan daukagu: "Ea tabernara pintxo bat jatera joaten uzten didaten", "ea nire semeak futbolean joka dezakeen...". Iruditzen zait zentzu horretan gizartea atzera egiten ari dela. Lan baldintzak aldatu egingo dira, eta agintzen duen jende horrek egoera aprobetxatuko du gizartea gehiago estutzeko, gizartea bera konturatu gabe.

Beraz, zure ustez posible da osasun larrialdia tarteko gizarteak eskubide batzuk galtzea?

Bai, posible da. Nire lanbidean dagoeneko ikusten ari naiz hori: guk galdu ditugu lehen genituen eskubide batzuk. Gero ez dakigu zer pasatuko den, baina orain egiten ari garen lana txerrikeria bat da; izan ere, ez da egokia jendea telefonoz artatzea. Ez dugu horretarako ikasi, eta iruditzen zait ez dela hori jendeak nahi duena. Horretara bultzatu nahi gaituzte, eraginkortasuna lortzeko, gutxirekin gehiago egiteko. Betikoa.

Urtebete beteko da hil honetan COVID-19 gaitza tarteko etxean sartzera behartu gintuztenetik. Ordutik, ez dira gauzak gehiegi aldatu. Nola eragin dio honek guztiak jendearen buru osasunari?

Psikologikoki izugarri eragin dio jendeari. Ikusten ari gara izugarri ugaritu direla antsietatea, depresioak, elikadura nahasmenduak... Bizi aldaketa honek jende asko desorekatu du: jende askok kalera irteteko beldurra dauka, erlazionatzeko beldurra; beste batzuk beren munduan sartu eta ez dira hortik irteten; jende askori odol analisiak asko okertu zaizkio, kolesterola igo egin da, azukrea ere bai... Gizarteak, oro har, sekulako kolpea hartu du, eta hori osasunean nabari da, bai buru osasunean, bai bestelako emaitzetan. Eta ez jende heldua bakarrik, jende gazte pila bat ari da oso gaizki pasatzen.

Pentsatu al duzu sekula Urrestillara itzultzea?

Lehen hamar urteetan, egunero. Izan ere, oso-oso gustura bizi nintzen Urrestillan. Ugarte baserrikoa naiz ni, bi anaia dauzkat, gurasoekin beti harreman oso estua izan dut... Lehen egunero pentsatzen nuen itzuli behar nuela, baina orain ez daukat hori horrenbeste buruan. Izan ere, bi alaba dauzkat, eta asko lotzen naute haiek. Dena den, gustatuko litzaidake jubilatzen naizenean-edo itzultzea; txakur pare bat ekarri, mendi buelta batzuk eman, lagunekin egon... Leku zoragarria da Euskal Herria. Gainera, gauza bat esan nahi dut: urteotan guztietan euskaraz hitz egin diet alabei beti, nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzuten didaten. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori.