Ostiraleko lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute, CCOO sindikatuak deituta

Ihintza Elustondo 2021ko mar. 9a, 11:41

Mendiaraiz enpresan gertatu zen lan heriotza salatu dute 20 bat lagunek plazan, lan istripu gehiagorik ez! lelopean. CCOOk gogorarazi du 2021a hasi denetik zazpi langile hil direla beren lanpostuetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Joan zen ostiralean Mendiaraiz enpresan gertatu zen lan heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin dute plazan, CCOO sindikatuak deituta. 11:00etan elkartu dira, eta elkartasuna adierazi diete hildako beharginaren senideei, lagunei nahiz gertukoei "une zail hauetan". 20 bat lagun elkartu dira, lan istripu gehiagorik ez! lelopean.

Ostiraleko lan istripua gaitzetsi du CCOOk, eta obren eta zerbitzuen azpikontratazioa erabiltzen duten enpresei kontrol zorrotzagoa ezartzea eskatu die. Sindikatuaren arabera, azpikontratazioaren "arazo larria" agerian gelditu da: "Administrazio publikoei koordinazio lanetan kontrol lanak modu zorrotzagoan egitea eskatzen diegu, lan segurtasuna eta lan baldintza duinak modu errealean bermatu ditzaten".

CCOOk gogorarazi du 2021a hasi denetik zazpi langile hil direla beren lanpostuetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta "gizarte drama" gisa definitu du gertatzen ari dena. Izan ere, sindikatuaren arabera, enpresa askok ez diote "garrantzirik ematen" prebentzio neurriei, eta istripuak enpresek "beharrezko inbertsioak" ez dituztelako egiten gertatzen dira.