Koronabirusa Azpeitian

"Egungo krisi egoeraren kontraesanetan sakontzeko eta argitasun pixka bat jartzeko" hitzaldia antolatu dute ostiralerako

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 9a, 09:32

Hemengaudeko kideek antolatu dute solasaldia, eta 18:00etan hasiko da, Azoka Plazaren gaineko areto nagusian. Hizlari lanetan arituko dira Idoia Larrañaga osasun hezitzailea eta gorputz zein arima terapeuta, Juanjo Martinez medikuntzan nahiz zirujian doktorea eta Jon Ander Etxebarria biologoa, laborategien zuzendaritzan esperientzi duna eta PCR probetan aditua. 

Azpeitiko Hemengaude taldeko kideek hainbat solasaldia antolatu dituzte datozen egunetarako. Martxoaren 12an, 16an eta 18an eskainiko dituzte solasaldiak. Aurrenekoa, datorren ostiralean izango da, 18:00etan hasita, Azoka Plazaren gaineko areto nagusian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez  "egungo krisi egoeraren kontraesanetan sakontzeko eta argitasun pixka bat jartzeko" antolatu dute solasaldia, gaian interesa dutenei zuzenduta. 

Hainbat arlotako profesionalak arituko dira hizlari: Idoia Larrañaga osasun hezitzailea eta gorputz zein arima terapeuta, Juanjo Martinez medikuntzan nahiz zirujian doktorea eta Jon Ander Etxebarria biologoa. "Etxebarria laborategien zuzendaritzan esperientzia duna da eta PCR probetan aditua; Martinez medikuntza eta zirujian doktorea da eta lanketa handia egin du musukoen eta txertoen inguruan; Larrañaga nutrizionista da eta medikuntza naturalean eta osasun baliabideetan aditua da", azaldu dute hitzaldiaren antolatzaileek.

Hausnarketarako beste bi saio

Ostiraleko hitzordua ez ezik, beste bi saio ere antolatu dituzte Hemengaudeko kideek. Martxoaren 16an eta 18an Sindikatu Zaharrean elkartuko dira Beldurrak eta kezkak? elkarrizketan argituz izeneko saioak egiteko. Saio horiekin  kezkak elkarbanatzeko espazio bat sortzea nahi dute, eta interesa duten herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Martxoaren 16an 10:00etatik 12:00etara elkartuko dira Sindikatu Zaharrean, eta hilaren 18an 19:00etatik 21:00etara. Saio horietan inguruko informazio gehiago nahi dutenek hemengaude@protonmail.com helbidera idatz dezakete.