Corrugadosen balizko irekieraren aurrean, instituzioen arteko errespetua eta herriarekiko begirunea eskatu ditu Azpeitiko alkateak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 8a, 18:20
Corrugados Azpeitia lantegiaren ataria.

Hedabideetan argitaratutako "albiste, ohar eta filtrazioak harriduraz" hartu ditu Nagore Alkortak. Instituzioen arteko komunikazioa eta elkarlana eskatu ditu, baita "jarrera alderdikoiak" baztertzeko ere. EAJk asteburuan kaleratutako prentsa oharra "harriduraz" hartu duela ere azaldu du. Udal Gobernuaren lehentasuna sustapen ekonomikoa dela jakinarazi du.

Asteburuan Corrugados Azpeitia lantegiaren balizko berrabiaratzeari buruzko oharra kaleratu du EAJren udal taldeak, eta hedabideetan argitaratutako "albiste, ohar eta filtrazioak harriduraz" hartu ditu Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Errespetua ez ezik, "askotariko alorrak aztertzeko" instituzioen arteko komunikazioa eta elkarlana eskatu ditu ohar bidez. "Instituzioen arteko errespetua eskatu nahi dut, eta Azpeitiko Udalarekiko eta Azpeitiko herriarekiko begirunea. Erakundeon arteko ardura partekatua eta elkarlana ezinbestekoak izango dira, aukera hau modu egokian aztertu eta baliatu nahi badugu". Azpeitiko alkateak, gainera, "jarrera alderdikoiak" baztertzeko eskatu du. 

Alkortak zabaldutako informazioen gaineko hainbat azalpen eman ditu, eta azaldu du udalak "lehendik" duela harremana Grupo Industrial Cristian Lay enpresa taldearekin. Berriki kontaktua izan dutela ere esan du: "CL taldearen jabeak otsailaren 18an hartu genituen Azpeitiko udaletxean, eta bileran jakinarazi ziguten Corrugados irekitzea aztertzen ari zirela. Guk adierazi genien lanpostu berriak sortzeko dugun interesa, eta ahal dugun neurrian laguntzeko prestutasun osoa erakutsi genien. Hala ere, oso goiz da gaiaren inguruan hitz egiteko, espektatiba faltsurik ez baitugu sortu nahi".

"Arduraz" jokatzeko eskaera

Alkortak azaldu duenez, Cristian Lay taldearen asmoaren berri izan bezain pronto eskatu zien udalak bilera Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, "gaia elkarrekin lantzeko", baina alkateak jakinarazi duenez, bi erakunde horiek "behin eta berriz" atzeratu diete hitzordua. Gainera, alkateak adierazi du gaur prentsaren bidez jakinarazi duela bilera hori ostegunean izango dela. Alkortak nabarmendu duenez, enpresa baten irekierako betebeharren artean daude ingurumen eta osasun baimenak, eta horiek Eusko Jaurlaritzak izapidetzen ditu: "Udalak horregatik ere egin nahi du Jaurlaritzarekin bilera".

Horrez gain, Alkortak azaldu duenez, gaia azaltzeko eta elkarrekin aztertzeko EAJren udal taldearekin ere jarri zen harremanetan orain bi aste, eta hark EAJk asteburuan kaleratutako prentsa oharra "harriduraz" hartu duela azaldu du. "Udalak garden jokatu du. Lehengo ostiralean, bi astean bigarrenez bildu ginen oposizioko taldearekin. Gardentasuna eta elkarlanerako borondatea azaldu genizkion EAJri, baina ordu gutxira ohar bat atera zuen", adierazi du Alkortak. Hori dela eta, alkateak "arduraz" jokatzeko eskatu dio oposizioari, eta gogorarazi du udal ordezkariak herritarren interesak defendatzeko daudela, "ez alderdienak". Haren arabera, "arduraz eta seriotasunez" jokatzea dagokie, eta esan du bai berak, bai Udal Gobernuak hala egingo dutela.

Sustapen ekonomikoa "lehentasun"

Azpeitiko alkateak azaldu duenez, udalaren lehentasun nagusia sustapen ekonomikoa da. "Lan eta baliabide asko bideratu ditugu azken urteotan sustapen ekonomikora, eta herritarren onerako diren lanpostuak herrian sortzeko aukerarik txikiena ere aztertzeko prest izan gara beti". Horri lotuta, Corrugadosen kasuan ere "beharrezko elkarlanerako konpromisoa" duela adierazi du.

Alkorta iazko azaroan elkartu zen lehen aldiz Cristian Lay taldearekin, eta alkateak oroitarazi duenez, Corrugadosek Azpeitian bideragarritasunik ez zuela adierazi zuen taldeak orduko hartan. Corrugadosen eremuaren hirigintza garapena hasteko asmoaz aritu ziren solasean bilera hartan bildu ziren bi aldeak, baina orain CL taldea "planteamendu berriarekin" agertu dela azaldu du.