Ostiraleko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du CCOOk biharko

Julene Frantzesena 2021ko mar. 8a, 17:02
Mendiaraiz enpresaren atarian gertatu zen lan istripua.

Sindikatuak 11:00etarako jarri du lan istripua salatzeko eta hildako beharginaren gertukoei elkartasuna adierazteko hitzordua plazan. Sindikatuaren arabera, azpikontratazioaren "arazo larria" agerian gelditu da ezbeharrarekin.

Joan zen ostiralean Mendiaraiz enpresan jazo zen lan heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du CCOO sindikatuak biharko, asteartea. 11:00etarako jarri dute hitzordua plazan, hildako beharginaren senideek, lagunei nahiz gertukoei "une zail hauetan" elkartasuna adierazteko.

Lan istripua gaitzetsi du CCOOk, eta obren eta zerbitzuen azpikontratazioa erabiltzen duten enpresei kontrol zorrotzagoa ezartzea eskatu diete. Sindikatuaren arabera, azpikontratazioaren "arazo larria" agerian gelditu da: "Administrazio publikoei koordinazio lanetan kontrol lanak modu zorrotzagoan egitea eskatzen diegu, lan segurtasuna eta lan baldintza duinak modu errealean bermatu ditzaten".

CCOOk gogorarazi du 2021a hasi zenetik zazpi langile hil direla beren lanpostuetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta "gizarte drama" gisa definitu du gertatzen ari dela; izan ere, sindikatuaren arabera, enpresa askok ez diote garrantziarik ematen prebentzio neurriei, eta istripuak enpresek "beharrezko inbertsioak" ez dituztelako egiten gertatzen direla esan du.