2021eko Martxoaren 8a

Azpeitiko Ernaiko kideok ere bat egiten dugu Basanderiekek arratsalderako deitu duen manifestazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2021ko mar. 8a, 12:05

Azpeitiko Ernaik honako testu hau kaleratu du, Martxoaren 8aren harira. Gainera, bat egin du Basanderiek asanblada feministak gaur 18:00etarako deitu duen mobilizazioarekin.

Sistema kapitalista heteropatriarkalaren arrakalak agerian gelditu dira azken urte honetan. COVID-19aren pandemiak jada gurean zeuden krisi anizkoitzak azeleratu dituela esaten da, kapitalismoaren ziklo baten amaieran gaudela. Eta ate joka dugun sistemak klase hierarkia arrazistetan eta patriarkaletan sakonduko du. Botere transnazionalek eta bere mesedetara jokatzen duten instituzioek gure bizitzen gaineko geroz eta erabaki ahalmen handiagoa duten honetan, beste norantzan mugituko diren proposamenak eta egitasmoak behar ditugu. Urgentziaz behar ditugu.

Bereziki emakumeok*, bereziki zaintza lanetan aritzen garenok, bizitzak sostengatzen. Jasanezina den sistema kapitalista heteropatriarkal honetan bizitzak sostengatzen dituen zaintza, eremu pribatuan zein publikoan, emakumeon bizkar gainean erortzen da. Ez genuke aipatu gabe utzi nahi, eremu hauetan emakume migratuak direla gehiengoa eta baita neska* gazteok eremu honetan betetzen dugun rola: gehienetan kontraturik gabe, partikularrak emanez edo umeen zaintzaren ardura hartuz.

Zaintza lanak aitortzeko eta duintzeko urratsak ematea urgentea da. Aurreko egunetan ikusi dugun bezala, Euskal Herriko herri sektore ezberdinen agendetan dagoen gai bat da eta garrantzitsua izango da, guztiok norabide horretan lehentasunezko aldarri soziala izan behar duen zaintza sistema publiko-komunitario baten aldeko borroka eta pulsoa indartzea. Bide horretan, kontatu gurekin. Gazteok ere zaintza erdigunean kokatu behar dugulako. Garai hauetan inoiz baino gehiago ikusi dugu zaintza eta elkar zaintzaren garrantzia. Komunitatean eta kolektiboan kubritzeak daukan garrantzia, gazteon sozializazioa, harremanak… zein garrantzisuak diren. Izan ere, izaki interdependienteak gara, zaintza guztiok behar dugun zerbait da.

Buruabetza feministarantz urratsak eman behar ditugu. Gure bizi baldintzak eraldatzeko gaitasuna izango duen burujabetza garatzeko. Botere kapitalista-transnazionala gailentzen den honetan, sistemaren beste antolaketa bateranzko aldaketa artikulatu behar dugu. Eguneroko bizitzatik duintasun kolektibora urratsak ematen joateko. Aspaldi erabaki genuen ez ginela garaipenaren egunaren zai egongo.

Burujabetzea prozesua, lurraldetik eta gorputzetik pasatzen den burujabetza da, gure buruaren jabe izateaz ari garelako. Baita, gure lurraldearen gaineko erabakiak hartzeko gai izateaz, bizitzak erdigunean kokatuko dituen instituzio propioak eta tresnak eraikitzeko, inposatutako mugak gaindituz. Prozesu guztia, mugimendu feministaren aitortzatik eta emakumeok* gure bizitzen aldaketaren protagonista bilakatu behar gara. Estatu autoritarioen aurrean Mugimendu Feministak duen legitimitatea interlokutore gisa ematea exijitzen dugu, botere espazioetan ere badaukagulako zer esana eta zer egina. Boterea berreskuratzea dagokigu ere neska* gazteoi.

Guzti hori aldatzeko, kolektiboa, taldea, indartu eta zentroan jarri behar dugu. Elkar saretzea eta antolatzea ezinbestekoa da. Horri esker, Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizatzeko, eragiteko eta agenda markatzeko gaitasun handia erakutsi du azken urteetan.

Martxoak 8 honetarako ere, Basanderiek talde feministak manifestazioa deitu du arratsaldeko 18:00tan plazatik abiatuta. Ernaitik, bat egiten dugu eta azpeitiko neska* gazteoi manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu. Dena aldatzeko, bizitzak erdigunean jarriko dituen herria gaurdanik eraiki behar dugulako. Inposatutako muga guztien gainetik, burujabetzaz eraiki dezagun Euskal Herria feminista!

Gorputzak, bizitzak, herria askatzeko. Burujabetza feminista!