Miguel Angel Llamas: "Zabalza familiak beti esan izan du Galindoren heriotzarekin egiaren aitortza etorriko dela agian"

Julene Frantzesena 2021ko mar. 8a, 09:58
Miguel Angel Llamas 'Pitu'.

Gaur eta bihar Non dago Mikel? filma emango dute Soreasu antzokian. Biharko emanaldia berezia izango da; izan ere, torturak jasan zituzten azpeitiarrei aitortza egingo die udalak. Gainera, film emanaldiaren ostean, solasaldia eskainiko dute lanaren bi egileek, eta Azpeitian izango da Oihana Zabalza Mikel Zabalzaren iloba ere. Miguel Angel Llamas Pitu (Iruñea, 1980) da lanaren zuzendarietako bat, eta harekin luze hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Nolatan hasi zineten Non dago Mikel? lana egiten?

Hamar urte igaro dira proiektuarekin hasi nintzenetik. Aezkoako [Nafarroa] bizilagunek eta Mikel Zabalzaren familiakoek dokumental bat egiteko eskatu ziguten; izan ere, ikusten zuten belaunaldi gazteek ez zekitela oso ongi nor zen Mikel, zer gertatu zitzaion, zer testuingurutan hil zuten...

Informazio bilketa handia eskatu al dizue lana osatzeak?

Bai, bereziki hainbeste urte pasatu ondoren, oso sakabanatuta zegoelako garai hartako jendea; haiekin harremanetan jartzea zaila izan zen. Bestetik, Zabalza auziak buelta ikaragarri eman ditu, eta zaila zen bildutako informazio guztiaren artean ez galtzea.

Nolakoa izan da ikus-entzunezkoa egiteko prozesua?

Prozesua oso luzea eta gorabeheratsua izan da. Lehenik, herritar askoren borondatea biltzen saiatu ginen, finean proiektuak oso izaera herrikoia zuelako eta denen laguntza nahiz parte hartzea eskatzen zituelako. Gero, finantzazioa... Horrekin ere buruhauste handiak izan ditugu. Dena den, laguntza asko jaso dugu leku guztietatik, eta eskertzekoa da hori.

Zer helburu jarri zenioten zuen buruari lana egiten hastean?

Gure helburu nagusia zen Mikel Zabalzari gertatu zitzaiona kontatzea. Bere garaian emandako bertsio ofizial haren aurrean herriak bizi izan zuena erakustea nahi genuen, eta horrekin batera, agerian utzi gure historiaren itxi gabeko kapitulu bat dela; izan ere, inork ez du onartu Mikel torturapean hil zutela Intxaurrondon. Bestalde, torturaren existentzia salatu nahi genuen. Bistan da helburu horiek lortu ditugula; ez genuen espero dena hain ongi ateratzea.

Ion Arretxe da dokumentaleko protagonistetako bat. Zergatik?

Mikel Zabalza hil egin zuten, eta, beraz, hark ezin du kontatu zer gertatu zen. Hil zutenek ere ez dute egingo. Espainiako estatuak ez du horren guztiaren inguruko informaziorik eman. Horrenbestez, Zabalzari zer gertatu zitzaion jakiteko berarekin batera atxilotu zituztenen testigantzak soilik ditugu, eta horietako bat da Arretxerena. Dokumentalean Mikel Zabalzaren ahotsa da. Are gehiago: Arretxek hitz egokiak erabiltzen ditu tortura zer den azaltzeko. Hark oso modu zehatzean adierazten du zer bizi izan zuen Intxaurrondon, eta horregatik, torturatu guztion ordezkaria bihurtzen da Non dago Mikel? filmean.

Zu ere torturatua izan zinen, ezta?

Bai, Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu egin ninduten 1999an. Gertatutakoarekin inolako harremanik ez banuen ere, autoinkulpatu egin nintzen. Tortura modu sistematikoan erabili dela onartu nahi ez dutenek hauxe galdetu beharko liokete beren buruari: errugabea den pertsona batek zergatik hartzen du egin ez duena bere gain espetxera joateko arriskua onartuz? Inkomunikatuta zaudenean, zer gertatzen da guztiz iluna den espazio horretan zuk nahi ez duzun gauzak onartzera iristeko? 

Zer izan da zuretzat torturaren gaia lantzea?

Askotan esaten dut torturatu nindutenekiko mendeku txiki bat izan dela pelikula hau egitea. Izan ere, torturatuok ez dugu justizia handirik espero. Zeinek zigortu behar ditu guardia zibil eta polizia horiek? Inpunitate osoz torturatzeko agindu eta horretarako aukera eman zien sistemak? Ezin dugu Espainiako justizia sistematik justiziarik espero, eta horrelako lanen bitartez lor dezakegun gauza bakarra da Espainiak egia aitortzea eta zer egin zuten agerian uztea. Borroka honetan nire ekarpena da Non dago Mikel?.

Zabalzaren kasuak duela 35 urteko egoera berean segitzen du: geldirik. Dena den, Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu zuen lehengo astean Publico hedabideak. Pausorik emango dela uste al duzu?

Zalantzak ditut. Duela gutxi esango nukeen auzi hau ez zela berriro inoiz itzuliko epaitegietara, baina orain, zer gertatu den ikusita, ez dakit zer esan. Uste dut auzia berriz irekitzeko aukera paregabea dagoela, eta benetako borondatea baldin badago, zer ikertu eta nondik hasi badagoela. Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionalek ere asko laguntzen dute zentzu horretan. Izan ere, indar politiko guztiek, eskuinekoak barne, grabaketak ikertzeko eskaria egin dute.

Zuek bazenuten audio hori lehenagotik, ezta? Zergatik ez zenuten erabili dokumentalean?

Gidoi kontuengatik. Mikel Zabalza atxilotu, desagertu eta agertu zen artekoa aztertzen du filmak, horretan jarri dugu fokua. Ondoren zer gertatu zen kontatzen hasiko bagina, trilogia bat egin beharko genuke; izan ere, ibilbide judiziala 2010era arte luzatu zen, hainbat kazetarik egindako ikerketak agertu ziren eta horietan aski ongi frogatzen zen Zabalza Intxaurrondon hil zutela. Gainera, Galindo eta haren gizonak Lasa eta Zabala hiltzeagatik zigortuak izan zirela ere kontatu beharko genukeen... Audio horrek zalaparta handia sortu du kaleratu den bezala kaleratuta, eta filmean sartu izan bagenu, agian, garrantzia galduko zukeen.

Hain zuzen ere, azken boladan hil dira Galindo, Billy el Niño…

Argi dago Estatuak ez diela zigorrik ezarri nahi bere torturatzaileei. Lasa eta Zabala hiltzeagatik zigortu zuten Galindo, baina handik gutxira atera zuten espetxetik. Billy el Niño, berriz, ez zuten inoiz epaitu, ongi eta lasai bizi izan zen. Intxaurrondon eta gainerakoetan torturatzen ibili diren asko, zigortu ostean, indultu bidez errugabetu dituzte, eta Espainiako estatuaren eskutik dominak jaso eta pentsioak kobratzen dituzte. Espainian inpunitate osoz torturatu da. Beraz, pertsona horiek desagertzen direnean, ikerketekin aurrera egiteko ate berri bat irekitzen da, ja ez baitute zigorra jasotzeko arriskurik. Zabalza familiak beti esan izan du Galindoren heriotzarekin egiaren aitortza etorriko dela agian. Hala bedi!

Joan zen ostiralean Madrilen egin zen dokumentalaren estreinaldian izan ziren Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Irene Montero Berdintasun ministroa. Iglesiasen adierazpenek oihartzuna izan dute.

Torturaren aurkako eta egiaren aldeko keinu sinbolikoa izan zen haiek egindakoa, eta eskertzen dugu. Posizio politiko bat markatzen dute: "ez dugu inpunitatea onartzen, ez Billy el Niñorekin, ez Galindorekin, ez torturatzaileekin". Galindo eta Billy el Niño hil egin dira, baina 2011n hainbat nafar torturatu zituzten haiek lanean ari dira oraindik eta atxilotu haien tortura salaketei muzin egin zien epailea Espainiako Barne Ministroa da gaur egun. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera egon badago, ea gauzatzen den.

Zer moduz doa dokumentalaren estreinaldia?

Oso ondo! Datuak proportzionalki aztertzen baldin baditugu, Non dago Mikel? Espainiako Estatuan gehien ikusi den pelikula izan dela azpimarratu behar dugu. Hamahiru zinema aretoetan hasi ginen filma ematen, eta leihatiletako emaitzak oso onak izan dira. Espainiako Estatuan gehien ikusi diren hamar filmen artean gaude ia egunero, eta hori oso garrantzitsua dela esango nuke euskal gatazkari buruzko film bat delako, are gehiago pandemia garai zail hauetan. Oso pozik gaude.