2021eko Martxoaren 8a

Martxoaren 8aren harira, askotariko ekitaldiak izango dira gaur Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 8a, 09:00
2020. urteko Martxoaren 8ko irudi bat.

Ikasle Abertzaleek deituta, hitzaldia eta elkarretaratzea izango dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, bi mobilizazio egingo dituzte: Basanderiek talde feministak deitutako manifestazioa eta Urola Erdiko Itaiak deitutakoa.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da gaur, hilak 8, eta goizean goizetik hasita herrian hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko taldeek. Lehen hitzordua 10:00etan izango da, Ikasle Abertzaleak taldeak hitzaldia eskainiko baitu Soreasu antzokian, Emakume langileon interesen defentsan ikasleok antolatu! lelopean. Horren ostean, elkarretaratzea egingo dute plazan, 11:30ean hasita.

Arratsaldean, berriz, bi manifestazio izango dira. Lehena Basanderiek talde feministak deitu du, eta 18:00etan plazatik abiatuko da; bigarrena, berriz, Urola Erdiko Itaiak deitu du Emakume langileon interesen defentsan lege burgesa borrokatu! lelopean, eta 19:30ean plazan hasi eta epaitegi aurrean amaituko da.