Hainbat herritar bildu dira plazan Mendiaraiz enpresako lan istripua salatzeko

Anartz Izagirre 2021ko mar. 6a, 19:05
Mendiaraizko lan istripua salatzeko elkarretaratzea. (Anartz Izagirre)

Azpeitiko Sortuk deitu du elkarretaratzea, eta Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietateak hiltzen du lelopean hainbat herritar bildu dira plazan. Lan istripuei erantzuteko "elkartasuna, antolakuntza eta borroka" behar direla adierazi du Sortuk hitzartzean.

Langile bat hil zen atzo, ostirala, Mendiaraiz enpresan izandako lan istripuan, eta ezbeharra salatzeko elkarretaratzea izan da gaur arratsaldean plazan. Azpeitiko Sortuk deitu du mobilizazioa, eta Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietateak hiltzen du lelopean hainbat herritarrek bat egin dute deiarekin. Kontzentrazioaren amaieran adierazpen bat irakurri dute Sortuko kideek, eta hildako langilearen gertukoei elkartasuna adieraziz hasi dute hitzartzea.

"Duintasunez bizi ahal izateko lan egin nahi dugu, eta ez dugu eginahal horretan bizitza galdu nahi. Ez ditugu gure lankideak lanean hiltzen ikusi nahi, eta ez dugu nahi langileek bere osasuna eta bizitza arriskuan jartzerik ere", adierazi dute Sortuko kideek.

Horrez gain, "antolatzeko beharra" ere azpimarratu dute:  "Antolatuz eta langileon borroka indartuz aurre egingo diegu lan munduan ematen diren injustiziei, prekarietate egoerei eta lan istripuei. Gertaera larri horiei irmotasunez erantzuteaz gain, egunerokoan antolatzea beharrezkoa dela deritzogu. Prekarietate eta pobrezia egoerak areagotzen ari diren honetan, izan daitezela elkartasuna, antolakuntza eta borroka herritarron erantzuna".