Langile bat hil da Mendiaraiz enpresan izandako istripuan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 5a, 15:54
Mendiaraiz enpresan gertatu da istripua.

Amue kalean jazo da ezbeharra, 15:15 aldean. Kamioi bat deskargatzen ari zirela, langile bati metal zati batzuk erori zaizkio gainera. Hildako langileak 52 urte zituen eta Oiartzungo Bidean Garraioak enpresako langilea zen. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzeak deitu dituzte biharko eta etzirako, eta horiekin bat egin du LAB sindikatuak.

Langile bat hil da gaur, ostirala, Amue kaleko Mendiaraiz enpresan izandako lan istripuan. Ertzaintzak Uztarria.eus-i azaldu dionez, 15:15ean jazo da ezbeharra: kamioi bat deskargatzen ari zirela, metal zati batzuk jausi dira ibilgailutik, eta horiek langile bat harrapatu dute azpian. Istripuaren lekura joan dira suhiltzaileak, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak, baina langilea hil egin da.

Hildako langileak 52 urte zituen eta garraiolaria zen. Istripua Azpeitiko Mendiaraiz enpresan gertatu den arren, hildakoa Oiartzungo Bidean Garraioak enpresako langilea zen.

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi dizkie hildako langilearen familiari eta gertukoei, eta gogor gaitzetsi du gertatutakoa. Sindikatu horren esanetan, urtero gertatzen dira gaurkoaren antzeko istripuak. "Segurtasun neurriak hartuz ekidin zitezkeen istripuak dira, baina zoritxarrez errealitateak erakusten digu ez dituztela hartzen". Patronala egin du istripuaren entzule, "interes ekonomikoak lehenesten dituelako langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik"; eta adiministrazio publikoei beste alde batera begiratzea egotzi die, "ez dutelako agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta estrukturala jarri nahi".

LABek argi du "gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa", eta langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu berri baten beharra nabarmendu du. "LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde". Horiek horrela, langile klaseari eta herritarrei dei egin die gaurko istripuak salatzeko datozen egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Hain zuzen ere, gertatutako salatzeko bi mobilizazio deitu dituzte astebururako herrian. Bihar, Azpeitiko Sortuk deituta, Lan istripu gehiagorik ez! lelopean elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 18:00etan hasita. Etzi, berriz, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta eta Erasoen aurrean, langile antolakuntza lelopean egingo dute kontzentrazioa, 12:30ean hasita, herriko plazan.

LAB sindikatuaren arabera, aurten gutxienez bederatzi langile hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, eta Joaquin Beltranek Zaldibarko zabortegian desagertuta dago iazko otsailaren 6tik.