Elmubaseko zuzendari teknikoa

Jazinto Zulaika: "Gure asmoa ahalik eta eragozpen gutxien eragitea da"

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 6a, 08:45
Jazinto Zulaika, Elmubas enpresaren atarian. (Mailo Oiarzabal)

Albaitaria de Jazinto Zulaika (Zestoa, 1962). 30 urte beteko ditu aurten orain Elmubas den enpresan. Piensos Bastida zenean hasi zen lanean, nagusiki ganaduarentzako pentsuak ekoizten zituzten garaian. Inguruko ganadutegiak desagertzen joan ahala, behi eroen agerraldia tarteko, ekoizpena moldatu eta etxeko animalientzako pentsuetan zentratzen hasi ziren. Duela hamazazpi urtetik horiekin ari da lanean Zulaika, Elmubasen egungo zuzendari teknikoa, berak “gustuko, ganadua” izan arren. Gaur egun, ez dute besterik ekoizten Elmubasen: txakurrentzako eta katuentzako pentsuak. Lantegia handitzeko lanetan murgilduta, horretaz eta usainen gorabeherez hitz egin du.

2019ko ekainean erosi zuen Elmubas Portobello Capitalek, ekoizpena biderkatzeko asmoarekin, besteak beste. Duela urtebete hasi zenituzten lantegia handitzeko lanak. Nola doa prozesu hori?

Urte batzuk pasatuko dira ekoizpena biderkatzera iristeko. Hasierako plana da %60 haztea. Aurten ez gara iritsiko ekoizpen maila horretara; planta berria bukatu eta martxan jarriko dugu, baina ekoizpen kopuru horretara iristeko xederik ez dugu aurtengorako. Datorren urtean bai, uste dut hasiko garela maila horretan produzitzen.

Datarik ba al du lantegiaren zati berriak martxan jartzeko?

Dezenteko atzerapenarekin gabiltza. Makina nagusiak Danimarkatik ekarri ditugu eta horiek hemen dauzkagu dagoeneko, baina guztia martxan jartzeko beharrezkoak diren lehengaiak atzerapenarekin ari gara jasotzen. Material asko Txinatik dator; hango Urteberriko ospakizunak direla eta, hiru asteko geldialdia egin dute. Horrez gain, pandemia dela eta, metal arloarekin lotutako lehengaiak ere asko atzeratzen ari dira. Siloak-eta hasi gara jartzen, baina aurreikusitako epeak luzatzen ari zaizkigu. Hala ere, bizi dugun egoera kontuan hartuta, atzerapena horrenbestekoa ez dela esango nuke; tokatu zaigun urte berezi honekin, ez genuen espero hain atzerapen gutxi izatea. Lanak uda parterako bukatzea espero dugu, eta pixkanaka ekoizpena ere martxan jarri nahi dugu planta berrian.

Portobellorekin batera, Eusko Jaurlaritza ere sartu zen enpresaren kapitalean 2019an. Zer suposatu dute jabetza aldaketa horiek? Egunerokoan igarri al dituzue?

Jendea bere errutinatik ez ateratzea zen guk nahi genuen lehen gauza. Joxe Mari Bastida [lehengo jabea], kanpoan dagoen arren, lantegi berriaren lanak gainbegiratzen ari da, horretan esperientzia baduelako eta geuk hala nahi genuelako. Semea ere enpresan gelditu da. Alde horretatik, jendeak ikusi ahal izan du ez dela erabateko hausturarik egon. Egia esateko, 2019ko uda arte, neuk inbertsio funtsen eta horrelakoen berri Pretty Woman ikustetik neukan bakarrik; gainontzean, zero. Pentsatzen nuen jabe berriek beren ordezkari bat jarriko zutela hemen, egunerokoa zaintzeko. Baina, orain arte, ez da horrelakorik izan. Jarraipen batzorde bat dago, tartean Jaurlaritzako ordezkariekin, eta hilero egiten dugu bilera bat, lantegiaren gorabeheren kontu emateko. Zenbakiak ondo doazen bitartean, lanean betiko moduan jarraitzen lagatzen dute horiek. Uste dut gustura daudela ikusten dutenarekin, hemengo lan egiteko erarekin eta langileen erantzunarekin.

Joan den azaroan, apiriletik aurrera Elmubasek 145 lanpostu berri sortuko zituela iragarri zuen Jaurlaritzak. Zertan da kontu hori?

Gaur egun, fabrikan 200 bat langile ditugu, eta asmoa da beste 250 bat langile hartzea. Dagoeneko ari gara lantegi berrirako prestatzen, postu klabeak izango diren batzuk zehazten eta horietarako pertsonak kontratatzen. Adibidez, orain lantegiko arduradun kargurik ez duten batzuek arduradun kargua hartuko dute lantegi berrian. Mantentze lana ere oso inportantea da; makina berriak etortzen ari diren heinean horiek muntatzen ari direnak dira gero mantenimenduan lan egingo dutenak. Kalitate sailean ere bi pertsona berri hartu ditugu. Gero etorriko dira ontziratze lanetan-eta arituko direnak; horien prestakuntzak denbora gutxiago eskatzen du, eta martxan hasi ahala joango dira sartzen.

Lan-poltsaren bat osatu al duzue?

Jende askoren curriculumak dauzkagu jasota, horiek bidaltzeko e-posta helbide zehatz bat dugu martxan. Enpresa batek aztertzen eta sailkatzen dizkigu curriculum horiek, lana eskatzen dutenen profilak eta bete behar ditugun postuen ezaugarriak erkatzeko, eta horren arabera egingo dugu hautaketa.

Txakurrentzako eta katuentzako pentsuak egiten dituzue, eta pentsu horien ekoizpenak sortzen dituen usainak kezka eta kexa iturri izan dira eta dira Azpeitian. Zerk eragiten ditu usain horiek?

Haragi irinak erabiltzen ditugu pentsuak egiteko. Irin horiek zerealekin, barazkiekin-eta nahastuta egiten ditugu pentsuak, eta irin horiek sortzen dute usaina, egosterakoan. Abelburu bat hiltegira eramaten denean, haren gorputzaren %60-%70 da giza-kontsumorako aprobetxatzen dena. Soberan gelditzen den ehuneko horrekin ekoizten dituzte, besteak beste, gero guk pentsuak egiteko erabiltzen ditugun irinak; pentsuen proteina dira irin horiek. Hilero bost mila tona irin ekartzen ditugu, Nafarroatik eta Frantziatik, gehienbat. Pentsutarako materiala egosterakoan sortzen den lurrunarekin zabaltzen da irinen usaina. Ulertzen dut jendearen kezka, baina lurruna da, ez kea; ez dauka inongo osagai kimikorik, dena janaria da, ezin dugu gauza arrarorik erabili. Usainaz gain, ez dauka beste kalterik.

Elmubasen handitze lanak aurrera doaz.

Usainak gutxitzeko sistemaren bat ezarri zenuten, baina ez dirudi emaitza handirik eman duenik, ezta?

Eragina izan du sistema horrek, baina ez nahi genukeen bezainbestekoa. Jendeak pentsatzen zuen kapritxoz ez genuela hartzen usaina gutxitzeko neurririk, ez genuelako dirurik gastatu nahi, baina guretzat ere beti izan da kezka usainarena. Horregatik, usainen arazoa konpontzeko puntako instalazioa jarri genuenean, duela hamaika bat urte, arazoa behin betiko konpondu nahi genuelako. Gure sektoreko enpresa handienek lantegi berriak martxan jartzerakoan ezartzen zuten sistema bera aukeratu genuen, Norvegiatik datorren sistema; baina enpresa horietan, guk ekoizten ditugun antzeko pentsuez gain, pentsu hezeak ere egiten dituzte, proteina kontzentrazio askoz handiagoak baliatzen dituzte, arraina ere guk baino gehiago erabiltzen dute... Gureak baino emisio agresiboak dituzte. Ozonoa eratzen duen sistema elektriko baten bidez, usaina sortzen duten molekulak bereizten ditu sistema horrek. Usainak gutxitzeko sistema bera erabiltzen zuten lantegi bat baino gehiago bisitatu genuen, eta haietan esaten ziguten eraginkorra zela. Guk daukagun arazoa da lurrun bolumen handia sortzen dugula, baina lurrun horren sorreran oso txikia dela usaina sortzen duten osagaien kontzentrazioa; usainaren partikulak oso sakabanatuta doaz lurrunean. Horregatik, usainak gutxitzeko sistemaren errendimendua ez zen guk nahi genuena, usain molekula kontzentrazio handiekin eraginkorra da, baina gure kasuan, ez hainbeste.

Bestetik, ez dago araudirik, legeak ez du ezer esaten; usainak molestia bat direla, baina ez dago inon zehaztuta haragia zer kontzentraziotan prozesatu behar den. Eta hori beste arazo bat da, ez daukazu neurririk alderaketak egiteko edo zenbat bota behar duzun jakiteko.

Ez al dago beste sistemarik?

Gaur egun, usainak eragozteaz ari garela, ez dago jarri genuena baino teknologia aurreratuagorik. Geuk beste turbina bat gehitu genion instalazioari, lurruna atmosferan are eta gehiago barreiatzeko, eta horrekin izugarrizko aldea nabaritu genuen, usaina barreiatzeko berezko sistema bera baino ia erangikorragoa izan da azken hori. Lantegi berrian ere era horretako instalazioren bat jartzeko asmoa dugu; gaur egungo lantegian sistemaren sei modulu jarrita badauzkagu, lantegi berrian bost jarriko ditugu, ekoizpen gaitasun txikiagoa izango duelako. Inbertsio handia egin genuen bere garaian usainak murrizteko sistema instalatu genuenean, eta orain ere arlo horretan ahal dugun ahalegin guztia egin dezagun bultzaka ari zaigu udala; normala iruditzen zait kexak egotea ere.

Produkzioa bikoiztera iristen zaretenean, usaina ere bikoiztu egingo al da?

Gure asmoa ahalik eta eragozpen gutxien eragitea da, baina eragozpenak zerora ezin ditugula jaitsi jakinaren gainean egonda. Guk badakigu zer egunetan eta zer baldintzatan sortzen den usainarekin arazo handiena.

Zer egun eta baldintza dira horiek?

Urteak daramatzagu hori ikertzen. Inguru honetan zurrunbilo bat sortzen dela azaldu digute adituek; antizikloia ala ekaitz giroa egon, eta haizeak nondik jotzen duen arabera, halako kanal bat eratzen da, usaina herrira eramaten duena. Baina hori urtean bospasei egunetan gertatzen da. Bestetik, ekoizten ari garen produktuak ere eragiten du usainaren kontuan; haragi gehiagorekin edo gutxiagorekin egin, hori ere igartzen da. Horregatik, saiatzen gara ekoitzi behar dugun produktu mota eta eguraldiaren egoera ahal den neurrian uztartzen, produktu batzuk gauez bakarrik eginez, esaterako.

COVID-19ak enpresaren handitzean atzerapena ekarri dizuela aipatu duzu. Gainerakoan, zer-nola eragin dizue ezohiko egoera honek?

Osasun larrialdiari aurre egiteko beharrezko neurri guztiak hartuta gabiltza hasieratik, eta zorionez, alde horretatik gure aktibitatea normal gauzatu ahal izan dugu. Negozioari dagokionez, supermerkatu kate handiak hornitzen ditugu: Lidl Espainian eta Portugalen, Alcampo, Eroskiren marka zuriko produktua gurea da… Merkatalgune handi horiek dira guretzat bezeroen %30 bat, eta nabarmendu dugu horietan gehiago saldu dela gure produktua. Joan den urtean, konfinamendua hasi zenean, txakurrak gehiago ateratzen zituzten kalera, eta gehiago jaten zuten horiek. Sasoi hartan, nabarmen antzeman genuen gure produktuen eskaera asko igo zela. Normalean, irailean hasi eta apirila arte izaten da guretzat produkzio aldetik lan gehiena; gero jaitsi egiten da eskaera, ehiza sasoiaren amaierarekin batera, hor nonbait. Iaz, ordea, apirilean eta maiatzean neguko hilabeteetan pare ekoizten aritu ginen.