Jolasleku berria egokitu du udalak Urrestillako haurreskolan

Anartz Izagirre 2021ko mar. 3a, 12:30
Goenaga eta hezitzaileak, Urrestillako haurreskolako parke berrian. (Azpeitiko Udala)

0-3 urte bitarteko haurrentzat jolas parkea jarri dute haurreskolaren atarian, eta eskola ordutegitik kanpo erabilera publikoa izango du. Guztira, 15.716 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Urrestillako haurreskolan 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako aire libreko jolas parkea egokitu du Azpeitiko Udalak. Eraikinaren albo batean ezarri dute eremua, eta udalaren esanetan, eskola ordutegian "haurren garapenerako lagungarri" izango den espazioa da. Eskola ordutegitik kanpo, berriz, erabilera publikoa edukiko du parkeak. Guztira, 15.716 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Leire Goenaga udaleko Hezkuntza zinegotziaren arabera, hezitzaileekin eta gurasoekin "elkarlanean" egokitu dute eremu berria: "Hezitzaileek eta gurasoek egin ziguten gune hori egokitzeko proposamena, eta haurren garapenerako eta ongizaterako egokia izango denez, egokitu egin da". Haurreskolako hezitzaileak ere "gustura" daude aire libreko espazio berriarekin: "Eguraldi ona hasi da, eta parkea haurrentzat eta guretzat gune garrantzitsu bihurtu da segituan".

Eskola ordutegitik kanpo parkeak erabilera publikoa izango duela eta, espazioari "erabilera egokia emateko" eta "zaintzeko" eskatu die udalak herritarrei.