Andoni Olariaga: "Distopiaren eta erretrotopiaren artean bizi gara"

Julene Frantzesena 2021ko mar. 3a, 09:29
Andoni Olariaga Durangoko Azokan egin zuen liburu aurkezpenean.

Andoni Olariaga (Berriz, Bizkaia, 1984) filosofoak eta Iratzar fundazioko kideak hitzaldia eskainiko du gaur, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Sortuk antolatutako solasaldia Euskal matxinada liburuaren bueltan eskainiko du, eta Nekane Zinkunegik egingo ditu moderatzaile lanak. Olariagak Uztarria.eus-ekin hitz egin du hitzaldiaren atarian.

Euskal matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak da liburuaren izenburua. Zergatik izenburu hori?

Euskal matxinada modernoaren erroetara doa liburuaren lehen zatia, hain zuzen, 50. hamarkadaren bukaeran sortzen den mugimendura. Garai hartako testuinguru soziopolitiko-kulturala, mundu mailako egoera eta eraldaketa mugimendu esanguratsuenak zein Euskal Herrian gorpuztuko den askapen mugimenduan emango diren eztabaida nagusiak aztertzen dira. Liburuaren bigarren zatian, 1980tik XXI. menderako aldaketa soziopolitiko nagusiak jasotzen dira, era nahiko sintetikoan. Eta azken atalean, egungo eztabaidak izan ditut aztergai. Izenburua, beraz, nahiko deskriptiboa da. Zergatik orain eta horri buruz? Liburuak atzera begiratzen du, baina gaurko egoera ulertzeko asmoz. Iruditzen zait momentu aproposa dela horretarako: batetik, eztabaida batzuk gaur errepikatzen ari direlako; eta bestetik, gaur ez gaudelako 60ko hamarkadan eta eztabaida zahar-berriak testuinguru berrian kokatzeko beharra zegoelako.

Zer da euskal matxinada eta zeintzuk dira ezaugarri nagusiak?

Euskal matxinada deitzen diot 50. hamarkada bukaeran sortu zen eta gaur arte iraun duen udaberri politikoari, kulturalari, sozialari eta artistikoari. Ezaugarri konkretu batzuk ditu. Alde batetik, askapen mugimendu baten baitan ardazten da, berezitasun propioekin: zabala da, herritarra eta korronte desberdinetara irekia. Borroka sozial, kultural eta politikoa Euskal Herritik mundu zabalera eman behar dela ulertzen du, internazionalismoa behetik gora ulertuz, garaian zeuden ezkerkeria uniformizatzaileen kontra. Matxinada horren ezaugarrietako bat tradizioa balio berrietara egokitzeko gaitasuna ere izan da. Azkenik, euskal kutsua duen neoliberalismoarekiko alternatiba bat gorpuztu duen mugimendua ere bada.

60 urteko matxinada da liburuan jaso duzuna. Liburuan diozunez, inflexio puntu bat ere izan zen bide horretan. Zein? Eta zertan eragin zuen?

Matxinadaren sorrera inflexio puntu bat izan zen, apurtu egin zuelako ordura arteko abertzaletasuna ulertzeko modu hegemonikoarekin eta abertzaletasun moderno, aurrerazale eta berdinzale bat ekarri zuelako gure herrira. Alde batetik, adibidez, Pueblo Trabajador Vasco kontzeptuak herritartasunaren ordura arteko formulazio tradizionala –arrazan oinarritua– berdefinitzen zuen, konponente demokratikoa eta iraultzailea emanez. Bestetik, klase borrokaren funtsezko bektorea Euskal Herriaren askapen nazionala zela ulertuta, klase borroka konkretizatu egiten zuen, abstrakziorako joerak alboratuz eta Euskal Herriaren aldeko borrokari dimentsio sozial aurrerakoia emanez. Horren eragina da mugimendu sozial, kultural eta politiko aberats eta aurrerazale anizkoitz bat sortu izana.

Matxinada horren emaitzez zer balorazio egiten duzu?

Matxinada horrek aurpegi asko izan ditu, baina zehatzak izateko, matxinadez hitz egin behar genuke, neoliberalismoaren eta bi estatuen kontrako inpugnazio horrek hainbat aurpegi izan zituelako. Emaitza bat nabaria da: gaur Euskal Herria inoiz baino biziago dago; euskal kultura, 60ko hamarkadakin alderatuta, are biziago; gure hizkuntza, beste hainbeste; batez bestekotik goranzko balio aurrerakoiak dituen herri batean bizi gara. Txinatarren denboraren pertzepzio zabala kontuan hartuko bagenu, esango nuke goiz dela balorazio bat egiteko, baina hala ere, esan daiteke XX. mende erdialdetik aurrera sortutako matxinada horrek herria zutik mantentzea lortu duela oroz gain; alegia, herri bezala bizirik sartu garela XXI. mende hasierako erronketara eta herri bezala neoliberalismoak planteatzen dizkigun erronkei aurre egiteko baliabide batzuk garatu ditugula.

Dena den, matxinada haren ondorioak agerikoak dira oraindik ere…

Askotariko ondorioak: moralak, politikoak, kulturalak, hainbat inertzia eta hainbat bertute... Bakoitzak bere prismatik, onurak edo kalteak ikusiko dizkio, eta ez zaio arrazoirik faltako. Ondorioak argiak dira, eta horiek kudeatu beharra dago: biktima guztien aitortza, presoen eskubideak eta berehalako etxeratzea, gizarte sektoreen arteko arrakala, lurralde zatiketa... Horiek ahaztu gabe, gaur neoliberalismoak azkartu eta azeleratu dituen kontratu sexualaren eragina, zaintza krisia, prekarizazioa, jarduera sozial ororen merkantilizazioa, botere eskala aldaketa... Guzti horiei erantzun bat eman behar zaie.

Kontrazalean honako galdera hau egiten duzu: “Asmatuko ote dugu historiako une ezegonkor honetan XXI. mendeko euskal matxinada berria abiaraztea?”. Posible al da?

Beti da posible. Askotan errealitatearen analisiak, korrelazio indarren analisiak, geldiarazi egiten du ezkerra. Baina ez da ahaztu behar matxinadak beti hazten direla gutxi batzuen eskutik, hain zuzen, korrelazio indar ezin okerragoak daudenean. Ez dut honekin irakurketa neoliberal edo autolaguntza liburuen mezu sinplista batean bukatu nahi; alegia, ez dut esango "sinestu zure indarrean, sinesten baduzu dena da posible". Ez. Esan nahi dudana da, indar korrelazioa eta imajinazio politikoa uztartu egin behar direla. Asmatuko dugu, baldin eta ez bagara iraganeko errezeta ziurretan nostalgian erortzen uzten, eta matxinadaren sorreran bezala, kapaz baldin bagara Euskal Herriaren askapenerako galdera egokiak egiten eta horiek erantzuten.

Nola gauza daiteke "matxinada" berri bat?

Prozesu eraldatzaileak normalean motel joaten dira historian, eta horien lorpenak sedimentatzea zaila izaten da. Baina badira historia azkartu egiten den momentuak ere. Orain, azkartze fase batean bizi gara, ez momentu preiraultzaile baten azkartze fasean, neoliberalismoarenean baizik; joera autoritario eta erretrotopikoak azkartu egin dira, eta tamalez, ez soilik eskuinean. Distopiaren –etorkizun desastroso bat imajinatzearen– eta erretrotopiaren –iragan idealizatu batean gotortzearen– artean bizi gara. Baina bi ardatz horietatik atera behar da, gauden egoera onartu eta helburura bidean eman nahi ditugun pausoak irudikatu: mendi puntara igo nahi badugu, tarteko pausoak pentsatu eta egin beharko ditugu. Gaur egungo egoerarekin, eskapabide errazena horren ordez helburuak bide bezala planteatzea da, baina saihestu beharrekoa ere bai.

Euskal Herrian gaur-gaurkoz ba al da horretarako abagunerik?

Matxinadaren dimentsioa, helburua eta bidea ondo kokatzen badira, abagune aproposa izan daiteke bizi duguna. Beti ere kontuan hartuta inboluzio autoritario batean bizi garela, pandemiak azkartu egin dituela prekarizazioa eta eskubide sozialen galera, eta eskuin muturra gorantz doala. Baina horrekin batera, Euskal Herrian mugimendu sozial eraldatzaileak indartsu daude zorionez; batez ere, feminismoa, baina baita pentsiodunak, langileen eskubideen aldeko borroka, hezkuntza... Abaguneak antsietate gabe irakurri behar dira, eta denboran zehar aurrera egin ahala, aldaketarako aukerak eta arriskuak proiektatu.