Egoiliarrek gutxienez lau irteera egin eta bi bisita jaso ahalko dituzte astean

Andoni Elduaien 2021ko mar. 1a, 19:28
San Martin egoitza.

Egoitzetako egoerak "nabarmen" hobera egin duelako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako COVID-19aren Koordinazio Soziosanitarioko Organoak protokolo partekatua adostu du hiru aldundientzat. Gipuzkoan bihar sartuko da indarrean.

Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileek bihartik aurrera gutxienez lau irteera eta astean bi bisita egiteko aukera izango dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako COVID-19aren Koordinazio Organoak protokolo partekatu bat adostu du hiru lurraldeetan aplikatzeko, eta akordio horri esker egoitzetako bisitak eta irteerak malguagoak izango dira aurrerantzean.  

Egoitzetako egoera azken asteetan "nabarmen" hobetu dela adierazi Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak. Nabarmendu du, alde batetik, erabiltzaileen eta langileen "txertaketaren ondorioz" egin duela hobera egoerak egoitzetan, eta, bestetik, komunitateko egoera epidemiologikoak "bilakaera ona" izan duela.

"Gutxieneko kontaktuak" ezartzeko erabakia hartu dute; izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin ahalko dira. Gainera, aurrerantzean bi pertsonak izango dute egoitzan dagoen egoiliarra aldi berean bisitatzeko –orain arte pertsona bakarra sar zitekeen–. Era berean, bisitariek ez dute beti pertsona berdinek izan beharko. Hala eta guztiz ere, egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia tasa gainditzen badu, protokolo berriak planteatzen dituen neurri berriak eten egingo dituzte. 

Protokoloaren proposamena datorren ostiraleko, martxoak 5, LABI bilerara eramango dute, han onartu dezaten. Halere, Gizarte Politikako foru diputatuak dekretu bat sinatuko du bihar protokolo berrian adostutako neurri berriak bihar bertan indarrean jar daitezen.