Koronabirusa Azpeitian

Asteburuan sei positibo zenbatu dituzte herrian

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 13:20

Atzo lau positibo atzeman zituzten, herenegun bi eta ostiralean bat ere ez. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak zertxobait gora egin du ostiraletik: 164,26koa zen orduan eta 183,97koa da gaur. Eskualdean, berriz, 23 positibo zenbatu dituzte ostiralaz geroztik.

Koronabirusaren bilakaeraren inguruko herriz herriko datuak kaleratu berri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horien arabera, ostiraletik igandera sei positibo baeiztatu dituzte herrian: lau atzo, bi herenegun eta bat bera ere ez ostiralean. Ondorioz, zertxobait igo egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: ostiralean 164,26koa zen eta 183,97koa da gaur. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eremu gorrian sartzea dakarren 500eko kopurutik urrun.

Eskualdean ere aspaldiko astebururik lasaiena izan da igaro berri dena, ostiraletik igandera, orotara, 23 positibo detektatuta. Azpeitiak ez ezik, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainontzeko herri guztiek ere 200dik beherako intzidentzia tasa dute; eta beraz, eremu horian dira Azkoitia, Orio, Zarautz eta Zumaia. Dena den, PCR edo antigeno probak egin dituzten herritar batzuek eman dute positibo herri horietan. Azpeitiko sei kasuez gain, Zumaian hiru, Zarautzen bi eta Azkoitian bat detektatu dituzte.

Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herria, berriz, Zestoa da. Asteburuan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 590,65 da hango tasa. Hala eta guztiz, 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da eremu gorrian sartu herria. Gainerakoan, Errezilen eta Aizarnazabalen positibo bana zenbatu dute ostirala eta igandea bitartean, eta Getarian, berriz, bi lagunek eman dute positibo.

Datuak hobetzen

Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari dira COVID-19ari lotutako datuak. Atzo 128 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 78 Gipuzkoan, 41 Araban eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuten positibo PCR eta antigeno probetan. Datu horiek tarteko, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 255,03n kokatu da. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,87 da.

Nafarroan, berriz, joan zen uztailaz geroztik izan den kutsatu kopuru txikiena atzo zenbatu zuten: 42 lagunek eman zuten positibo Osasunbideak egindako probetan. Horrenbestez, azken hogei egunetan ehun positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan egunez egun. Positibotasun tasak gora egin du, dena den, gauzatutako proba kopurua ere asko jaitsi delako: 784 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %5,4 da.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka bada ere. Atzo 120 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, duela astebete baino hamalau gutxiago. Orotara, 22 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta gaur egun 299 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan koronabirusaren harira. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.