Sarrallek altzairutegi berria eraikiko du AEBetan Arcelor Mittal eta Nippon Steel konpainientzat

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 1a, 13:22
Sarralleren bulegoen sarrera, Landetan.

2023ko lehen seihilekoan martxan egongo dela aurreikusten dute. Nagusiki automobilgintzara bideratuko diren "goi mailako kalitateko" 1,5 milioi altzairu xafla ekoizteko ahalmena izango du lantegiak, Azpeitiko enpresak jakinarazi duenez.

Sarralle Group enpresak altzairutegi berria eraikiko du AEBetan Arcelor Mittal eta Nippon Steel Corporation konpainientzat (AM/NS Calvert). Azpeitiko enpresak jakinarazi duenez, "puntako teknologiarekin" sortutako altzairua ekoiztuko dute AEBetako Alabamako Mobile konderrian eraikiko duten lantegian. Aurreikusitakoaren arabera, 2023ko lehen seihilekoan martxan egongo da lantegi berria, eta nagusiki automobilgintzara bideratuko diren "goi mailako kalitateko" 1,5 milioi altzairu xafla ekoizteko ahalmena izango du.

Sarrallek dio "aurrerapauso handia" dela proiektu hori enpresarentzat, "dituen ezaugarriengatik zein tamainarengatik". AEBetan eraikiko dutena "teknologikoki munduko altzairu fabrika aurreratuenetakoa" izango dela azaldu du Sarrallek, "bai ekoizpen ahalmenari dagokionez, bai ingurumen eraginari dagokionez". AM/NS Calvertek Mobilen bere jarduera hedatzeko duen proiektuaren barruan kokatuko da Sarrallek han eraikiko duen lantegi berria; 755 milioi dolarreko inbertsioa egingo dute, guztira, altzairugintza konpainiek. Sarrallek emandako datuen arabera, lantegiaren eraikuntza fasean 500 lanpostu sortuko dituzte; eta altzairu fabrika martxan jarritakoan, berriz, 200 lanpostu sortuko dituzte bertan, eta zeharkako beste 100 ere bai.

Sarrallek gogoratu du aspaldiko bezeroa duela Arcelor Mittal. Azpeitiko enpresa sortu zenetik, 50 proiektutik gora gauzatu ditu Sarrallek altzairugintzako konpainia horrentzat.