Irurenako biltegia erabat kiskali da, eta kalte material handiak eragin ditu suak

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 27a, 11:45

Atzo uste baino kalte txikiagoak eragin ditu Irurenako suteak; izan ere, ez dira kiskali bulegoak eta fabrikaziorako eremua. Biltegia erabat suntsitu du suak, eta han gordeta zituzten lehengaiak eta fabrikatutako zenbait material galdu dira. Egun, 90 bat langile ditu enpresak.

Ezbehar handia izan den arren, atzo uste baino kalte txikiagoak eragin ditu Irurena enpresako suteak. Lantoki guztia garrek kiskaliko zutela sinetsita joan ziren etxera bart gauean enpresako arduradunak nahiz langileak, baina gaur jakin ahal izan dute uste baino txikiagoak izan direla kalteak. Izan ere, suhiltzaileen arabera, lantegia "ondo prestatuta" zegoen halako gertaerei aurre egiteko, eta biltegia erabat kiskali den arren, gainontzeko eremuak ez dira kaltetu. Beraz, bulegoak eta fabrikaziorako eremua ez ditu kiskali suak.

Bernizak ekoizten dituzte Irurenan, eta egun, 90 bat langile ditu enpresak. Gaur goizean, lantokira bertaratu dira beharginak, arduradunekin biltzera. Langileek atsekabea ezkutatu ezin bazuten ere, azaldu dute okerrago izan zitekeela. Izan ere, material oso arriskutsua gordetzen duen gune bat dute enpresan, eta horrek su hartu izan balu, lantoki guztia bertan kiskaliko zela adierazi dute. Dena den, garrak ez ziren haraino iritsi, suaren hedapena saihesteko prestatuta zegoelako enpresa. Hala eta guztiz ere, kalte material handiak eragin ditu suteak: biltegian gordeta zituzten lehengaiak galdu dituzte, eta fakrikatutako zenbait material ere bai.

Atzo 22:00 aldera piztu zen sua, oraindik argitzeko dauden arrazoiak tarteko. Ordurako ez zegoen langilerik Irurenan, eta beraz, ez da inor zauritu. Inguruko bi baserritako zortzi lagun etxetik irtenarazi zituzten atzo badaezpada, baina goizaldean itzuli dira etxera, sutea kontrolatu dutenean. 04:00 aldera lortu dute suhiltzaileek sua kontrolatzea. Une honetan (11:30), ia erabat itzalita dago sua, baina suhiltzaileak lanean ari dira oraindik.

Udalaren babesa

Irurena lantegian izandako sutea itzaltzeko lanean aritu diren guztiak eskertu ditu Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Era berean, "elkartasuna eta babesa" adierazi dizkie lantegiko langileei eta arduradunei.