"Horrelako gehiago gerta daitezke estatuak antidemokratikoa izaten jarraitzen duen bitartean"

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 26a, 13:29

Altsasuko auzian epaitutako eta zigortutako bi gaztek, Adur Ramirez de Aldak eta Jokin Unamunok, hitzaldia eman zuten atzo Soreasu antzokian, Enekoitz Esnaola Berriako kazetariak gidatuta. Orkatz kultur elkarteak antolatu zuen solasaldia, eta interes handia piztu zuen saioak herritarren artean: bete egin zen aretoa; 220 lagun inguru elkartu ziren. Altsasuko gazteek jendaurrean eskainitako lehen hitzaldia izan zen atzokoa.

Txalo zaparrada artean sartu ziren Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno Soreasu antzokira atzo, osteguna. Enekoitz Esnaola Berriako kazetariak berehala bota zien galdera: "Zer zineten, zein zineten?". Ramirez de Alda: "2016ko egun horren aurretik, 21 urteko gazte bat nintzen, magisteritzako ikaslea eta herri mugimenduetan murgildutako beste gazte bat". Unamuno: "Ni 22 urteko gazte bat nintzen, ikasketak bukatuta zituena eta lan bila zebilena. Adur bezala, herri mugimenduetan sartuta nengoen, eta gazte izanik, neure ezinegonak nituen; horiei aurre egin nahi nien".

2016ko urriaren 15ean, baina, goitik behera aldatu zen bi gazteen bizimodua. Altsasuko Koxka tabernan liskar bat izan zen egun horretan, bi guardia zibilen –eta haien bikotekideen– eta herriko zenbait gazteren artean. Gertaera haren harira, herriko zortzi gazte auzipetu zituzten. Handik hilabetera, Guardia Zibilak Altsasuko auziko zortzi gazteetako zazpi atxilotu zituen, hilabete lehenago Koxka tabernan izandako istiluekin lotuta, terrorismo delitua egotzita. Haien artean zen Unamuno; Ramirez de Alda egun batzuk beranduago atxilotu zuten, bere burua Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu ondoren. Orduantxe hasi zen haien amesgaiztoa.

Auzipetuetako zortzi gazteetatik zazpi kartzelara bidali zituzten; bat ez, bi urtez azpiko kartzela zigorra zuelako. Ramirez de Aldari eta Unamunori hamabina urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta helegitea jarri ostean, zortzi urte eta erdira murriztu zizkien zigorrak Espainiako Auzitegi Gorenak. Autoritateen aurkako atentatua eta nagusitasunez hiru lesio eragitea leporatu zizkieten. 2016ko azaroan espetxeratu, eta 2020ko uztailaren 3an irten ziren kalera bi gazteak, hirugarren gradua jasota. Gaur-gaurkoz, kalean daude, baina kondena 2024an amaituko zaie. Altsasuko auziko bi gazte oraindik kartzelan daude; gauak eta asteburuak espetxean pasatzen dituzte. Egun, Giza Eskubideen Europako Auzitegian dago kasua.

Orain, 26 urte dituzte Ramirez de Aldak eta Unamunok. Kuadrillakoak dira. Kalean diren arren, hiru urtetik gora egin dituzte kartzelan. "Bizitza aldatu al zaizue?", galdetu zien Esnaolak. Ramirez de Alda: "Argi dago baietz. Gure herriari, gure familiei eta gu guztioi aldatu zaigu bizitza 2016ko egun hartatik. Zeharo aldatu zaigu bizitza, bai espetxea ezagutzeagatik, bai prozesu honetan guztian murgiltzeagatik, baita horrek ekarri duen zurrunbilo eta olatu guztiagatik". Unamuno: "Noski aldatu zaigula bizitza. Bat-batean bizitza moztuta ikusi dugu horrelako gauza batengatik. Euskal Herrian muntai baten  ondorioak jasan dituzten beste gazte batzuk gara gu".

Justiziaren arrakalak

Orduko testuinguru politikoa, Coviteren salaketa, liskarra terrorismoarekin lotu izana, auzia Nafarroako Lurralde Auzitegitik Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu izana... Altsasuko auziaren ibilbideari errepasoa eman zieten atzo bi gazteek eta kazetariak. Justiziaren eta bidegabekeriaren arteko arrakalak hizpide zituztela, La Manada auzia ekarri zuen gogora Esnaolak. "Hori Nafarroarentzako sekulakoa izan zen. Garai hartan, oso baliagarria izan zen bi auziak konparatzea, ikusteko justiziak neurgailu ezberdinak dituela batzuentzat eta besteentzat", esan zuen Ramirez de Aldak.

Altsasuko gazteen senideek salatu izan dutenez, auzipetutako gazteek "epaiketa irabazi zuten, baina epaia ez". Halaxe izan zela baieztatu zuen Unamunok. "Adurrek beti esan izan du bera ez zegoela Koxkan, eta epaiak zer esaten du? Ezin dela egiaztatu, agian, han egon zitekeela. Pertsona bat hamar urtera kondenatu nahi zuten hipotesi batean oinarrituta. Azkenean, hain handia zen sortu zuten bola, ezin zutela hortik ihes egin. Epaiketan ez zen sostengatu Guardia Zibilen testigantza. Orduan, zer egin zuten? Zigorrak murriztu, baina modu batean edo bestean zigortu egin behar gintuzten. Inoiz ez dira egia bilatzen saiatu, baizik eta beren bertsioari eutsi diote. Historikoki epai askotan gertatzen da hori: epaiketa irabazten duzu, baina epaia ez".

1.325 egun kartzelan

Horrenbestez, epaiketa irabazi edo ez, kartzela ezagutu behar izan dute Ramirez de Aldak eta Unamunok. 1.325 egun lau paretaren artean, gaua joan eguna etorri. Bizi izandakoa "errusiar mendi baten modukoa" izan da Ramirez de Aldarentzat: "Egun batean indartsu zaude, eta hurrengo egunean behea jotzen duzu". Unamunoren arabera, "bakoitzak ahal duen modura" egiten die aurre halako egoerei. "Espetxearen helburua da pertsonak suntsitzea; ez dauka beste asmorik. Nik pentsatzen nuen: 'Hori al da nahi duzuena? Ba ez duzue lortuko'. Horregatik, funtzionarioek modu txarrean tratatzen nindutenetan, irribarre egiten nien; horrek min handiagoa ematen du".

Soto del Real, Aranjuez, Zaballa. Espetxea izan dute bizileku biek ala biek denbora luzez. "Ikaragarria da kartzelan ikusten duzuna. Desesperazioak eragindako muturreko egoerak ikusten dituzu; sekulako koadroak. Droga, biolentzia... eguneroko ogia da hori kartzelan. Gaur egun, oraindik jendea heroinarekin engantxatuta dago", azaldu zuen Ramirez de Aldak. Espetxeetako medikazioa ere izan zuen hizpide: "Espetxeak berak presoei medikazioa ematen die, eta horrek pertsonak birrintzen ditu hilabete gutxian. Oso egoera tristeak ikusten dira, baina hori da kartzelako errealitatea".

Hegoak moztuta, baina egunero egun berri bati ekin behar. Espetxeko egunerokoari aurre egiteko, denbora nola bete asmatu behar izan dute bi gazteek. Unamuno: "Kirola egin eta asko irakurtzen nahiz idazten nuen. Adur eta biok zuzenbidea ikasten hasi ginen espetxean, baina liburuetan 'independentzia judiziala' eta halakoak irakurtzen nituen, eta berehala utzi nituen ikasketak. Gero, antropologia ikasten hasi nintzen Zaballan. Azkenean, kartzelan gauza bat egin behar duzu: eguna bete. Eta zuk erabakitzen duzu zer egin: kirola egin eta formatu, edo beste askok egiten dutena, pastillak hartu eta partxisean jolastu. Nik zera pentsatzen nuen: 'Hemendik ateratzean, zer esan behar diot neure buruari? Kartzelan egon naizen denbora aprobetxatu dut edo galdutako denbora izan da? Orduan, erabaki nuen kirola egitea eta ikastea; eta beno, batzuetan partxisean jolasten nuen". Barreak. Ramirez de Aldak erantsi zuen "bermut ordua" ere izaten zutela espetxean. "Patatak eta alkoholik gabeko garagardoa hartzen genituen". Hark ere kirola eta ikasketak izan ditu espetxealdian helduleku, eta zuzenbidea ikasten jarraitu du.

"Heldutasuna" irabazita

Izan zirena izateko asmoa zutela adierazi zuten Altsasuko gazteek kartzelatik irtetean, eta Esnaolak galdetu zien ea lortu al duten. Bi gazteek aipatu zuten "heldutasuna irabazi" dutela. "Bakarrik emozioak kudeatu beharrak helduago egiten zaitu, argi eta garbi", zioten. Pasatutakoak pasatuta, aldatuta daudela, baina lehengoak izaten jarraitzen dutela nabarmendu zuten: "Muntai handi bat bizi izan duen gazte talde baten parte gara, baina pertsona berberak izaten jarraitzen dugu".

Altsasuko auziaren gaiak zeruak eta lurrak astindu ditu Euskal Herrian, eta euskal gizartearen imajinarioan itsatsita geldituko da gertatutakoa. "Baina gatazka ez da bukatu, beste norbaiti gerta dakioke", esan zuen kazetariak. "Eta ziurrenik gertatuko da berriro", erantzun zion Unamunok. "Horrelako gehiago gerta daitezke estatuak antidemokratikoa izaten jarraitzen duen bitartean", erantsi zuen Ramirez de Aldak.

Sentitu duten elkartasuna eskertu nahi izan zuten bi gazteek.