Joxean Agirre azpeitiarrak 'Distira eta alderantzia' eleberria kaleratu du

Anartz Izagirre 2021ko ots. 25a, 16:56

Gaur, osteguna, aurkeztu du liburua azpeitiarrak, sarean. Maria Garrastazuk Parisen bizi duen istorio bat kontatzen du Agirrek eleberrian, eta 1920ko hamarkadan dago kokatuta. 2018an kaleratu zuen Ispiluak eta itsasoak eleberriaren jarraipena da nobela berria.

Joxean Agirre azpeitiarrak Distira eta alderantzia izeneko eleberria kaleratu du gaur, osteguna, sarean. Elkar argitaletxearekin plazaratu du liburua Agirrek, Ateko bandan bildumaren barruan. 2018. urtean kaleratu zuen Isipiluak eta itsasoak liburuaren jarraipena da Distira eta alderantzia; izan ere, liburu hartan Parisera bidaiatzen du Zestoako bainuetxean lan egiten zuen Maria Garrastazu protagonistak. Oraingoan, berriz, Parisen hasten da istorioa, eta hango Luxemurgo parkean zuberotarrez hitz egiten duen neskato bat ezagutzen du Garrastazuk. Istorioa 1920ko hamarkadan dago kokatuta, Belle Époque garaian.

Hona hemen liburuaren sinopsia:

"Parisen gaude, 1920ko hamarkadan. Euskal Herriko baserri batetik heldu eta argazkilari bihurtu den Maria Garrastazuk, Luxemburgo parketik bere eguneroko itzulia ematen ari dela, neskato galdu bat topatuko du, zuberotarrez hitz egiten duen neskatxa bat bere amari deika eta negarrez, eta honen ama topatu nahian emango dituzte hurrengo egun eta asteak.

Bilaketa honetan, besteak beste, Belle Époque-ko glamourraren bestaldea ezagutuko dugu: ez goi mailako modaren diseinatzaile, modelo eta bezeroak, baizik eta lantoki ilunetan arropa garesti horiek josten aritzen diren jostun apalak".

Ibilbide luzeko idazlea

Literaturan ibilbide oparoa duen idazlea da Joxean Agirre. Lehenengo Soziologia ikasketak egin bazituen ere, Egin egunkarian lanean hasi eta gero egin zituen Kazetaritza ikasketak. Orain, jubilatuta egon arren, nobelak idazten jarraitzen du; joan zen urtean, esaterako, Nobela errealista bat liburua kaleratu zuen. Honako lotura honetan irakur daiteke Elena Marguello kazetariak Agirreri Uztarria aldizkarirako egindako elkarrizketa.