Koronabirusa Azpeitian

Ez dute positiborik atzeman herrian

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 25a, 13:50

Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak beherantz jarraitu du: 197,11koa zen atzo eta 170,83koa da gaur. Eskualdean zazpi positibo baieztatu zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, berri onekin: atzo ez zuten positibo berririk atzeman herrian, eta ondorioz, behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak. Atzo 197,11koa zen tasa eta gaur 170,83koa da.

Eskualdean ere bare jarraitzen du egoerak. Atzo zazpi positibo zenbatu zituzten guztira. Herenegun baino sei gutxiago dira, eta azken datu horrekin baieztatu daiteke intzidentzia tasaren beheranzko joera ia herri guztietan. Azkoitia da salbuespena. Positibo berri batekin, zertxobait gora egin du hango intzidentzia tasak, eta atzera berriz eremu horira pasa da herria. Hala ere, eskualdeko tasarik baxuena izaten jarraitzen du: 66,76koa. Azpeitiarekin batera, eremu horian jarraitzen dute Oriok, Zarautzek eta Zumaiak ere. Orion eta Zarautzen positibo bana zenbatu zuten atzo, eta 179,39ko eta 175,61eko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Zumaian, berriz, bi positibo atzeman dituzte, eta hamar puntu igo da tasa –172,99koa zen atzo; 183,17koa gaur–. Gainontzeko bi positiboak Getarian eta Zestoan atzeman zituzten, bana herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Positibotasuna %4tik behera

Hego Euskal Herriko datuak ere jakinarazi dituzte Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 11.916 proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 468k eman zuten positibo. Emaitza positiboen ehunekoa, beraz, % 3,9koa da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233. Gipuzkoan 103 izan ziren atzemandako positiboak, Araban 65 eta Nafarroan 63. 

Erietxeetan ere hobera egin du egoerak, eta jaisten ari da presioa. Osakidetzan gaitza larriagotuta ospitaleratutakoak guztira 332 dira; horietatik 57 ospitaleratu zituzten herenegun. Zaintza Intentsiboen Unitatean daude 129, atzo baino hiru gutxiago.