Landaola sarietarako hautagai izendatu dute Bertan merkatari elkartea, Enkarguk egitasmoagatik

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 25a, 12:36

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak laugarren Landaola sariak banatuko ditu martxoaren 5ean. Erakunde pribatuek Gipuzkoan sustatutako proiektuen saria jasotzeko bost hautagai izendatu ditu Landaolak; tartean, Azpeitiko Bertan merkatari elkartea, Enkarguk egitasmoagatik.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak laugarren Landaola sariak banatuko ditu martxoaren 5ean, Landaolaren Facebookeko orrialdean zuzenea jarraitzeko aukera egongo den ekitaldian (12:00), eta erakunde pribatuek sustatutako proiektuen saria jasotzeko hautagaien artean da Azpeitiko Bertan merkatari elkartea, duela hilabete batzuk martxan jarri zuen Enkarguk egitasmoari esker. Azpeitiko Udalaren eta herriko merkatarien nahiz ekoizleen elkarlanetik sortu den proiektu pilotua da Enkarguk, elikadura arloko saltokiei nahiz azokako postuei salmenta bide berriak garatzen laguntzeko helburuarekin. Herritarrek eskuko telefonoarekin egin ditzakete erosketak, eta etxean, saltokian edo kontsignan jaso.

Bertan merkatari elkartearekin batera, beste lau elkarte pribatu ere saria jasotzeko hautagai izendatu ditu epaimahaiak: Fede Pacha, Hernanin martxan jarri duen Gure Elikagai proiektuagatik; Etxezuri E. Z., Aretxabaletan martxan jarri duen Latxa Energy proiektuagatik; Iñaki Arregi, Elgoibarren martxan jarri duen Urbizixa proiektuagatik; eta Olaberriko Abaroa eta Gabiariako Baztarrika baserriak, artzain produktuen merkaturaketan egin dute ahaleginagatik. Hautagai horietako batek jasoko du erakunde pribatuek landa garapenean egindako lana aitortzen duen saria.

Bestalde, erakunde publikoek sortutako beste lau proiektu ere izendatu dituzte saria jasotzeko hautagai. Urteeko ibilbidea sarirako eta landa eremuko emakumeen sarirako hautagairik, berriz, ez dute jakinarazi.