Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo berri hauteman ditu Osasun Sailak Azpeitian

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 24a, 13:31

Azpeitiko intzidentzia tasak 197,11koa izaten jarraitzen du. Urola Kostan, guztira, hamahiru kasu zenbatu zituzten atzo egindako PCR eta antigeno probetan.

Eskualdean bare jarraitzen du egoerak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo, guztira, hamahiru positibo zenbatu zituzten eskualdean. Herengun baino zazpi gehiago dira, baina, hala ere, bilakaera ona da, intzidentzia tasak beherantz egin baitu 5.000 biztanletik gora herri gehienetan.

Azpeitian atzoko intzidentzia tasa bera mantendu da; hiru kasu hauteman zituen Osasun Sailak, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 197,11koa da. Joan zen asteazkenean 308,80koa zen tasa hori; beraz, astebetean tasa apaltzeaz gain, eremu laranjatik horira igaro da Azpeitia.

Bestalde, eskualdeko egoerarik onena Azkoitian dute. Atzo bi positibo atzeman zituzten han, eta 58,42ko intzidentzia tasarekin, eremu berdera pasatu da herria. Eremu horretan sartzen den eskualdeko lehen herria da, gainera. Horian jarraitzen dute, berriz, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak ere. Zarautzen hiruna positibo baeiztatu zituzten atzo eta 209,88ko intzidentzia tasa dute. Zumaian positibo bat atzeman zuten atzo eta 172,99koa da intzidentzia tasa; Orion, aldiz, ez zuten positiborik hauteman eta 195,69koa da tasa. Atzoko beste lau positiboak Aian eta Zestoan hauteman zituzten; bina herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Hego Euskal Herrian, bostehundik behera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dituzten datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa detektatzeko 11.926 proba egin zituzten eta horietatik 470ek eman zuten positibo; %3,9k beraz. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233; Gipuzkoan 103 izan ziren; eta Araban eta Nafarroan 65na.

Erietxeetako presioa ere jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan eta, gaur-gaurkoz, 465 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik 132 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Herenegun 494 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, atzo baino 29 gehiago.