Martxoaren 5ean egingo dute Neska Gazteen Txokoko Gunea sortzeko lehen bilera

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 24a, 10:52

Neska Gazteen Txokoa DBH 3. mailatik hasi eta 18 urte bitarteko Azpeitiko neska gazte guztiei zuzendutako egitasmoa da eta taldean feminismoa lantzeko helburua du. Horren barruan, izaera iraunkorra izango lukeen Gunea sortu nahi dute, eta horretarako lehen urrats gisa, bilera antolatu dute. Martxoaren 5ean izango da Emakumeen Txokoan, 17:00etan hasita. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena Emakumeen Txokoan bertan edo 688 751 000 zenbakira Whatsapp mezu bat bidalita. Martxoaren 3ra arteko epea izango dute horretarako. 

Neska Gazteen Txokoa ikasturtearen hasieran jarri zuten martxan, DBH 3. mailatik 18 urtera arteko Azpeitiko neskek feminismoa taldean lantzeko aukera izan zezaten. Egoerak lagundu ez dien arren, hainbat formakuntza saio egin dituzte hilabeteotan, eta prest dute bigarren lauhilekorako egitaraua ere: batetik, hainbat formakuntza saio iragarri dituzte; eta bestetik, Neska Gazteen Txokoko Gunea izango dena sortzen hasiko dira. 

Neska Gazteen Txokoaren baitako gune iraunkorra izango litzateke Gunea, eta parte hartzaileek beraien interesetatik abiatutako eskaintza espezifikoa jasotzeko aukeraz gainera, ekimen zehatzetarako bilera eta prozesu kolektiboak dinamizatzeko laguntza ere jasoko lukete. Hain zuzen ere, Emakumeen Txokoko teknikaria eta dinamizatzailea elkarlanean arituko lirateke neska gazteen beharrei erantzuteko.    

Hori guztia antolatzen hasteko, martxoaren 5ean egingo dute lehen bilera. Emakumeen Txokoan izango da, 17:00etan hasita. Parte hartu nahi dutenek, aurrez eman beharko dute izena, martxoaren 3a bitartean, Emakumeen Txokoan bertan edo 688 75 10 00 zenbakira Whatsapp mezu bat bidalita. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, elkar ezagutzeko jarduera batzuk gauzatu eta martxoaen 8rako ekintzaren bat egiteko aukera aztertuko dituzte lehen bilera horretan.

Formakuntza saioak 

  • Arrazakeria eta feminismoa. Martxoaren 20an (larunbata), 10:30etik 14:30era.
  • Sexuaz, sexualitateaz eta desiraz. Apirilaren 23an (ostirala), 17:30etik 19:00etara.
  • Zer da feminismoa? Maiatzaren 7an (ostirala), 17:30etik 19:00etara.
  • Hilerokoa deseraikitzen. Maiatzaren 21ean (ostirala), 17:30etik 19:00etara.