Udalak aho batez onartu du ostalariei eta merkatariei udal tasarik ez kobratzea

Anartz Izagirre 2021ko ots. 23a, 19:19
Leire Goenaga eta Nagore Alkorta, agerraldiaren ostean. (Anartz Izagirre)

Gaur, asteartea, egin du udalak ezohiko udalbatzarra, eta joan zen urrian onartutako ordenantza fiskalen aldaketa baietsi dute. Beraz, 2021eko uraren, zaborraren eta terraza zein toldoen tasarik ez dute ordaindu behar izango herriko ostalariek eta merkatariek.

Azpeitiko Udalak ezohiko udalbatzar telematikoa egin du gaur, asteartea, eta ordezkariek aho batez onartu dute herriko ostalariei eta merkatariei udal tasarik ez kobratzea. Hain zuzen ere, horiek 2021. urte osoan ez dute uraren, zaborraren eta terrazen zein toldoen tasarik ordaindu beharko. Udalbatzarraren aurretik agerraldia egin dute Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasuneko batzordeburuak, eta xehetasunak azaldu dituzte.

Alkortak adierazi duenez, pandemiak eragindako ondorio sozialak zein ekonomikoak "geroz eta nabariagoak" dira, eta ekonomia sustapenaren barruan hartu dute erabakia: "Udalaren aldetik egonkortasuna eta segurtasuna eman nahi diegu egoera honengatik kolpatuenak izan diren sektoreei. Erabaki honekin, unean uneko laguntzetatik haratago, datozen hilabeteetan izango dituzten gastu estrukturalak gutxituko dizkiegu".

Bestalde, Leire Goenaga batzordeburuak adierazi du 2021eko udal aurrekontuak egitea "zaila" izan dela, eta udalak foru funtsetik jasotzen duen ekarpena %5 jaitsi dela iaztik. Hala eta guztiz, "egoerak eskatzen dituen aurrekontuak" onartu zituztela azpimarratu du batzordeburuak, eta joan zen urrian onartutako ordenantza fiskalen aldaketa onartzea "bereziki kolpatua" izan den zerbitzuen sektoreari "eusteko neurria" dela. "Zerbitzuez hitz egiten ari garenean, familiez, herritarrez eta lanpostu askotaz ari gara hitz egiten, eta sektore horri eustea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Horretarako, %100eko hobaria ezarriko zaie sektore horretakoei ordenantza fiskaletan", azaldu du Goenagak. Horrez gain, gehitu du merkatariekin eta ostalariekin egindako hainbat bileren ostean hartu dutela erabakia, eta, guztira, 250 establezimendu izango direla onuradunak: "Besteak beste, ostalariek, ostalarien hornitzaileek, arropa dendek, tindategiek, drogeriek eta ile-apaindegiek jasoko dute hobaria".

270.000 euroko kostua

Uraren tasari dagokionez, udalaren eskumena izan arren Gipuzkoako Urak kontsortzioak kudeatzen du; beraz, ordenantza fiskaletan ez da bere horretan jasotzen. Dena den, Goenagaren esanetan ur kontsortzioarekin harremanetan jarri da udala onuradunei tasa hori ez kobratzeko "formula egokiena topatzeko". Gastu hori udalak hartuko du bere gain, eta 130.000 euroko gastua aurreikusten da. Zaborraren eta terrazen zein toldoen kasuan, berriz, tasetan 140.000 euro gutxiago jasoko ditu udalak. Beraz, guztira, 270.000 euro inguruko gastua izango da udalak bere gain hartuko duena.

Udalbatzarrean hitza hartu du Amaia Etxeberria Azpeitiko Udaleko EAJren oposizioburuak ere. Haren arabera, ordenantza fiskalen aldaketa "egokia" da ekonomia sustatzeko: "Egoera onean dago Azpeitiko Udala, eta bere gain hartu dezakeen gastua da hau. Garrantzitsua iruditzen zaigu, eta ados gaude erabakiarekin".