Ikusgai dago bailarako ibaien egoeraren gaineko argazki erakusketa Foru Ibilbideko udal aretoan

Anartz Izagirre eta Maialen Etxaniz 2021ko ots. 22a, 19:43

Ibaieder eta Errezil errekak garbitzeko lanetan jasotako irudiak bildu ditu Urola Bizirik taldeak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Hilaren 26a bitartean izango da ikusgai.

Urola bailarako ibaien eta erreken egoeraren gaineko argazki erakusketa prestatu du Urola Bizirik taldeak. Foru Ibilbideko udal aretoan jarri dute erakusketa, eta gaurtik hasita ostirala bitartean izango da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara.

Irudiak "bi multzo handitan" banatu dituztela azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Horrela, Errezil erreka eta Ibaieder garbitzeko saioetan hartutako irudiak erakutsiko dituzte, batetik; eta Urola ibaiarenak, bestetik. Guztira, 75 argazkik osatuko dute erakusketa, eta bideo labur bat ere ikusi ahal izango dute aretora joaten direnek.