'Los Croods: una nueva era' eta 'El profesor persa' filmak ikusi ahal izango dira asteburuan

Julene Frantzesena 2021ko ots. 24a, 08:00

Los Croods: una nueva era eta El profesor persa filmak ikusi ahal izango dira igandetik astelehenera bitartean, Soreasu antzokian. Igande arratsaldean Los Croods: una nueva era(16:30) ikusi ahal izango da, eta 19:00etan, berriz, El profesor de persa. Astelehenean, ikusleen eguna izango da ohiko legez, eta El profesor de persa filmaren beste saio bat eskainiko dute, 19:00etatik aurrera. Dagoeneko eskuragarri daude saio horietarako sarrerak, Kulturaz.eus webgunean.

Iaz AEBetan ekoiztutako animaziozko filma da Los Croods: una nueva era, eta Joel Crowford da lanaren zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Bizileku berri baten bila abiatzera beharturik, historiaurreko lehen familia mundua esploratzera abiatuko da. Bizitzeko behar guztiak betetzen dituen paradisu harresitu idiliko bat aurkitzen dute, eta leku horrek sorpresa bat ezkutatzen duela konturatuko dira: beste familia bat bizi da bertan, Masmejor familia. Masmejor sendia Croods familia baino pauso pare bat aurrerago doa eboluzio eskalan. Tirabirak sortzen dira bi familien artean, baina dena galduta dagoela dirudienean, bi familiak abentura epiko batean murgiltzen dira".

El profesor de persa, berriz, Errusian iaz ekoiztutako drama generoko filma da. Vadim Perelman da lanaren zuzendaria, eta honako hau da sinopsia: "Frantzia, 1942. Gilles SSetako soldaduek atxilotu dute beste judu batzuekin batera eta Alemaniako kontzentrazio esparru batera bidali dute. Han, exekuzioa saihestea lortzen du, zaindariei, ez dela judua eta persiarra dela zin eginda. Trikimailu horri esker, bizirik irautea lortuko du Gillesek, baina ezagutzen ez duen hizkuntza bat erakutsi beharko dio landako ofizialetako bati, ikasteko interesa baitu. Bien arteko harremanak gora egiten duen bitartean, soldaduen susmoak gero eta handiagoak dira".